Sare sozialak hasi zirenetik urte asko igaro dira, lehenengoa SixDegrees.com izan zen 1997an. 2002-2003 urteetan sare sozialak indarra hartzen hasi ziren: Fotolog, MySpace eta LinkedIn sareak sortzean, besteak beste. 20 urte igaro dira ordutik. 2016. urtean blog honetan erabiltzaile kopuru gehien zituzten sareen errepaso bat egin genuen eta 2020an sare sozial berri batzuk erantsi genituen zerrendara. Sare sozialak sortzen ari diren abiadura ikusirik, erabiltzaileen artean indarra hartzen ari diren sare sozial berriak aipatzeko unea heldu da.

Caffeine

Sare sozial hau edukien zuzeneko transmisioak egiten dituzten pertsonentzako pentsatuta dago, live streaming-erako alegia, gamerrentzat adibidez. Denbora errealean igortzen duen pertsonaren eta ikusleen arteko interakzioa baimentzen du honek. Caffeinen topatuko dugun edukiari dagokionez, Twitch plataforman topatuko dugunaren antzekoa da, baina bere “aurkariarekiko” ezberdintzen duen ezaugarri garrantzitsu bat du: norberaren profila konfiguratzea eta ikus-entzuneko edukia igotzea erraza da, zailtasunik gabekoa eta bat-bateakoa.

Horizon Worlds

Metak, Facebook zaharrak, sorturiko lehenengo metaversoa da. Sare sozial berri honen helburua bertako erabiltzaileak mundu birtual batean harremanetan jartzea da, marrazki bizidun batzuk balira bezala.  Eszenatokien barruan erabiltzaileek beraien mundu eta jolas birtualak sor ditzakete. Avatarrak (erabiltzailearen irudikapen birtuala) mundu ezberdinen artean bidaia dezakete  eta gainerako biztanleekin (avatarrekin) elkar eragin. Sare sozial hau proba fasean dago momentuz baina Facebooken mundu birtual hau jada iritsi da Espainiara.

Supernova

Instagramen funtzionamendu oso antzekoa du sare sozial honek. Erabiltzaileek argazki eta bideoak partekatzen dituzte, iruzkinak argitaratu ditzakete baita mezu pribatuak  bidali ere. Hemen ere erabiltzailearen kontua pribatu gisa itxuratu daiteke norberak argitaratzen duen edukietarako sarbidea mugatzeko. Sare honen ezberdintasun handiena da iragarkietako irabazien %60a ongintzarako ekimenetara bideratzen dela. Norbanako bakoitzak bere perfilean hautatu dezake appak zein atal karitatibora bideratuko dituen publizitatearen bidez lortutako irabaziak. Gainera, “Gustuko dut”-ak iragarkietako irabazi kantitane haundiagoak lortzeko bozka modu bat dira.

Mastodon

Sare sozial hau ez da hain berria zerrendako batzuekin alderatuta. 2016an sortutakoa da, baina azken hilabeteetan indarra hartu du eta erabiltzaile asko irabazi ditu. Twitterren modura, Mastodon microbloggingean oinarritutako sare sozial bat da: erabiltzaileak post bakoitzeko 500  karaktereko muga du, argazkiak igotzea baimentzen du, inkestak egin daitezke, argitalpenak gogoko bezala markatu, iruzkinak egin…

Orduan, non dago Twitterrekiko ezberdintasuna? Twitterren ez bezala Mastodonen ez dago “komunitate” bakarra, interes ezberdinetan oinarritutako instantziak (komunitateetan) baizik,  erabiltzaile bakoitzak berea hautatzeko. Beraz, ezin zara beste instantzia bateko erabiltzaileekin komunikatu. Beste ezberdintasun nabarmena argitalpen bakoitza nork ikusi dezakeen hautatzeko aukera da: denentzako, zure jarraitzaileentzako soilik edo beste erabiltzaile batentzako mezu zuzen bat izan daiteke.

Woonkly

Sare sozial hau beste “modernitate” bat da, Horizon Wordlsen antzera. Sortu berri den sare sozial honetan, erabiltzaile bakoitzak sortzen duen profila metamask diru zorro (kriptotxanponak edo NFTak gordetzeko) batera doa atxikita. Sortzen den post bakoitza automatikoki NFTan eraldatzen da, izan irudi, bideo, musika fitxategi edo podcast-a. Honela ondoren saldu, beste erabiltzaile batena eskuratu, enkantera eraman edo elkarbatzeko diru zorro hau eduki beharra dago.

Argitaratzen den edukia pertsonen ordenagailuetan gordetzen da eta ez zerbitzari zentralizatu batean, gaur egun ezagutzen ditugun sare sozial gehietan gertatzen den moduan. Sare honi sare deszentralizatua deritzo.

Sare hau ere mundu birtualera batzen da, metaversora, non avatarrak elkar eragin egiten diren eta NFTak lortu ditzaketen: ondasun birtualak, artea, ideiak, musika, avatarrentzako osagarriak, arropa, etab.

Sartuko al zinateke zerrendako sare sozial berri hauetako batean? Esaiguzu zein iruditzen zaizun interesgarriena.

Sare sozialen batera elkartu bazara eta bertan segurtasunez nabigatu nahi baduzu, eman izena “Zibersegurtasuna eta pribatutasuna sarean” ikastaroan KZgunean.