Kaixo KZgunearen lagunak. Zer moduz zaudete? Espero dut opor onak igaro izana, nik bezala. Orain eguneroko errutinara ohitu beharra dago, baina pilak ondo kargatuta.

Gu, urtero bezala garai honetan, oporren osteko mahai baten inguruan elkartzen gara egun atsegin bat lagun artean pasatzeko eta gure abenturak partekatzeko.

IƱakik adibidez, ahuntzek bezala, mendirantz jotzen du beti. Pirinioetan izan da. Mugikorra erabiliz ezagutzen ez zituen ibilbide berri eta leku zoragarri asko ezagutu omen ditu, eta hori bera aditua dela… horregatik da gure gidari ofiziala mendira ateratzen garen bakoitzean.

Consuelo aldiz, primeran egon da resort horietako batean, dena barne. Sinisten al duzue mugikorra erabiltzen zuela gelara sartu eta jatetxean eskaerak egiteko QR kodeak erabiliz? Bai, bai, duela gutxi, ez zuela inoiz smartphone horietako bat erabiliko esaten zuen Consuelo bera.

Amaia izan da abenturazaleena. Ekialdetik bidaiatu du. Berak dio smartphonea eta itzultzaileari esker bidaia egiten ausartu dela. Herrialde asko bisitatzeko asmotan dabil orain, hizkuntza ez baita oztopo berarentzat.

Eta ni? Ezagutzen nauzue. Hondartza asko gustatzen zait eta oporretan smartphonea ere erabili dut. Batez ere musika lasaigarria jartzeko siesta egiten ari nintzen bitartean. Hau ere teknologia berriak erabiltzea da, Ezta?

Kontua da egun bikaina igaro dugula eta KZguneari eskertu behar diogun guztiaz ohartu garela, egunerokoak errazten dizkigun IKTetara hurbiltzeagatik.

Ba al dakizue KZguneak irailean berriro irekiko duela. Zeren zain zaudete izena emateko? Ez zaizue damutuko!

KZgunean ikusiko dugu elkar!!