Googlek beste behin ere txundituta utzi gaitu! Oraingoan uztailaren amaieran ezagutzera eman zuen APP berri bat, Google Wallet. Aplikazio hau diru zorro digital bat da, hortik dator bere izena; izan ere, ingelesez wallet hitzak diru zorroa esan nahi du. Edozein Android gailutan instala daiteke. Diru zorro honen barnean kreditu txartelez gain fidelizaziokoak ere eraman daitezke modu digitalean. Goazen gai honetaz sakonago hitz egitera!
Google Walletek Google Pay integraturik du, Googleren ordainketa sistema dena. Sistema honi esker, mugikorrarekin ordaindu daiteke: horretarako beharrezkoa da mugikorrak NFC txipa izatea. Ordainketak egiteaz gain, komertzio ezberdinetako fidelizazio txartelak, garraio txartelak eta opari txartelak erantsi daitezke. Diruzorro digital hau erabiltzearen abantailarik handiena datuak zure Google kontuan gordetzen direla da, honela gailu batetik bestera sinkroniza daitezke, mugikorrez aldatzerakoan datuak galtzea ekidinez.
Gaur egun funtzio hauek txertatu dituzte:
- Ordainketa txartela: Kreditu edo zor txartelak erantsi ditzakegu ondoren mugikorrarekin ordaindu ahal izateko, hasieran aipatu dugun moduan. Google Walletekin bateragarriak diren bankuen zerrenda ikusi ahalko duzu.
- Fidelizazio txartelak (deskontuak edo puntuak sortzen dituztenak): Zure ohiko komertzio/zerbitzuen fidelizazio txartelak erantsi ditzakezu eta ondoren barra edo QR kodea agertuko da pasatu ahal izateko. Zerrendan supermerkatuak, gasolindegiak, dendak, zinemak… topatuko dituzu.
- Garraio txartela: Garraio publikoko txartela eranstea baimentzen du NFC bidez ordaindu ahal izateko. Horretarako, Espainian itxarotea tokatzen da, momentuz ez baitago zerbitzu bateragarririk.
- Opari txartela: Opari txartelak erantsi daitezke, ondoren formatu digitalean izateko. Momentuz zerrenda laburra da, nahiz eta pixkanaka zabalduko den.
- Pasahitz kudeatzailea: Bertatik Google kontuan gorderik dituzun pasahitzetara sar zaitezke. Kudeatzaile honek kontsultatu eta erabiltzea baimentzen dizu.
- Smartwatcharekin ordaintzea: Zure ordulariko Google Wallet APParekin esku muturreko bira batekin ordaintzea baimenduko dizu, beti ere APPa bateragarria bada zure modeloarekin.
Google Wallet hurrengo hilabeteetan aukera gehiago eransten joango da, adibidez: hotel edo kotxeetako giltza digitalak eskura izatea, beste erabiltzaileei ordaintzea, sarbideak izatea (ibilgailuratze txartelak, fidelizazio edo osasun ziurtagiriak) QR eskaneoaren ostean…
Google Walleten txartelak nola erantsi
- Behin APPa irekita, “+ Walletera erantsi”ra joan.
- Erantsi nahi den txartel mota aukeratu, prozedura erantsi nahi den txartel motaren arabera aldatuko da.
- Ordainketa txartelen kasuan, “+ Kreditu edo zor txartel berria”ra joan beharko duzu.
- Txartela eskaneatu ahalko duzu datuak automatikoki eransteko edo datuak eskuz sartu daitezke.
- Datuak bete eta ziurtatu ondoren, baldintzak onartu behar dira.
- Amaitzeko, zure identitatea ziurtatzea eskatuko dizu bankuaren APParen bidez edo dei telefoniko baten bidez.
- Fidelizazio edo opari txartelen kasuan, zerrendatik komertzioa/zerbitzua hautatu behar da. Kamera irekiko da txartelaren kodea eskaneatu ahal izateko eta honela APPera eransteko.
Google Walletekin nola ordaindu
- APParen barruan, ordaindu nahi den txartela hautatu.
- NFC pizturik izatea garrantzitsua da.
- Ordainketako TPVa mugikorra gerturatu eta automatikoki ordainketa konfirmatuta agertuko da. Contactless txartelen prozedura bera da.
Google Wallet erabiltzeko gomendagarria da zure gailuan sarbideko blokeoa aktibaturik izatea, lapurreta edo galera baten aurrean babestuko zaituelako. Eta gogoratu, erabili pasahitz seguruak zure segurtasunerako!
Google Wallet edo beste diru zorro digitalen bat erabiltzen duzu? Kontaiguzu zure mugikor bidezko ordainketen esperientzia.
Sar ezazu zure iruzkina