Kaixo KZgunearen lagunak. Zer moduz zaudete? Ni paseatzetik nator eta berriak dakarzkit. Anbulatoriotik pasatzean, osasun-txartela mugikorrean eraman ahal izango dela esaten zutela entzun dut. Entzun ondoren pentsatzen geratu naiz eta galdetzen diot neure buruari… Nola eraman daiteke osasun-txartela mugikorrean?

Informazioa partekatu dudanean, ideia zoro asko bururatu zaizkigu sistema nolakoa izan daitekeen azaltzeko: Consuelok dio agian berak egiten duen gauza bera dela, txartela mugikorraren zorroan sartuta daramala. Amaiari, aldiz, txartela lepoan daramatenak bezalako uhal baten bidez mugikorrari lotuta joan daitekeela bururatzen zaio. Iñakik, etorkizuna iragartzen duelakoan, txartela sartzeko gure mugikorrak izango duen tiradera moduko bat izango dela ziurtatu du!. Eta pentsatzen jarraitzen badugu, ez dakit nora iritsiko garen.

Logikoena KZgunera joan eta galdetzea da. Han Jonek azaldu digunez, “NIK, patrika digitalaizeneko app bat behar dugu, eta gure smartphonean deskargatu eta instalatu dezakegu. Instalatu ondoren, konfiguratu egin behar da, eta hori izango litzateke guztia osasun-txartela mugikorrean eramateko. Bide batez, KZgunean “Online izapideak Osakidetzarekin” izeneko ikastaro bat dugula gogorarazi digu, interesgarria gerta dakigukeena.

Eta zuek? Jakin nahi al duzue nola har dezakezuen hitzordua edo zuen osasun-karpetan sartu? Anima zaitezte ikastaroa egitera!

KZgunean ikusiko dugu elkar!!