Gure inguruan eguberritako jaiak mahai baten bueltan ospatzen dira, familian edo lagun artean, baina ez mahai huts batekin, hori badakigu! Gaurkoan, KZgunean, sarrera desberdin bat ekarriko dizugu: eguberritako errezeta zerrenda proposatuko dizugu plater goxoekin bete dezazun mahaia. Hobeto esanda, Instagramer foodiekin eratutako zerrenda emango dizugu, plater aukera zabalarekin, hoberen datorkizun menua zuk erabaki dezazun.
Lehenengo, goazen argitzera Instagramer foodiek zer esan nahi duen: Instagramer, Instagrameko erabiltzea esan nahi du eta foodie jakiak prestatu eta kontsumitzeko interes berezia duen pertsonari dagokio.
Hau dena argitu ostean, goazen garrantzitsuenarekin, zuen Eguberritako errezetak topatzeko zerrendarekin!
- @hoycomemossano: Bilbotar honen kontuan plater gazi eta gozoak topatuko dituzu. Pausoz pauso azaldutako errezetak topatuko dituzu, estetika zainduarekin. Urte osoan argitaratzen ditu errezetak, osasungarriak batez ere, hortik bere izena, baina eguberri garaian plater bikainak argitaratu ditu: udare hojaldreak, zigala krema, onddoz beteriko azpizuna…
- @Foodiario: Patricia Vitelli, izen horrekin italiarra dirudien arren, Gipuzkoa sakonekoa da, bera aurkezten den bezala. Gaur egun bere errezetak ETB1eko ‘Txoriene’ programan ikusi ahal dituzu. Eguberri garaian errezeta originalak argitaratu ditu, legatz eta otarrainxka pastela edo itsas zapo eta otarrainxka krema, baina baliteke urtean zehar argitaratu duen errezetaren batek balio izatea.
- @fithappysisters: Valentziar ahizpa hauek 7 urte baino gehiago daramatzate errezetak sarean argitaratzen. Abendua gerturatzen doanean, beraien kontua errezeta goxoz betetzen da: Otarrainxka eta aguakate koktel saskiak, Eguberritako enborra, izokina labean mostaza eta ezti saltsarekin… Lehengo urtean online aldizkari bat argitaratu zuten errezeta, apainketa trikimailuekin eta abar beste instagramer batzuekin elkarlanean.
- @foodtropia: Aurreko kontuen moduan, garai bakoitzerako errezetak topatuko ditugu. Bere errezeta liburuan, “Foodtropia: Cómo comer rico y sano” modu honetan daude antolatuta baita ere. Eguberri garaian plater ezberdinak argitaratu ditu; janaurrekoetan, porru eta barrengorri zakutxoak edo urdaiazpiko iberikoz beteriko barrengorriak gomendatzen dizkizugu; eta plater nagusien artean, otarrainxka salpikoia edo txerri azpizuna udare, txalota, erromero eta sagardoarekin nabarmentzen dira.
- @fabianmasterchef: Masterchefen lehenengo edizioko finalista gazteak suen aurrean jarraitzen du. 156.000 jarraitzaile ditu, hondakinik gabe sukaldatzen ikasteko kluba sortu du eta bi liburu argitaratu ditu. Baina goazen eguberritako errezetekin: zainzuri kurruskariak mostaza eta eztiarekin, edadame éclaira norbegiako izokinarekin edo mandarina eta ezkai bound cakea. Izen hauekin, errezeta hauek neketsuak dirudite, baina Fabianen aholkuekin errezak dira! Eguberri mahai ezin hobe bat izateko gakoak topatuko dituzu.
- @alma_cupcakes: Alma Obregon ezaguna da bai sareetan baita telebistanan ere bere gozogintzagatik. Ikastaroak eman, liburuak idatzi eta bere errezetak sareetan partekatzera dedikatzen da. Eguberritako errezeten artean erroskoa egiteko bertsio ezberdinak topatuko dituzu, baina jengibreko gaileta ospetsuak dira ere edo txokolate browniea turroi kremarekin. Kontuan izan beste garai bateko errezetak ere begiratu ditzakezula agian Eguberritan egiteko balio dizute eta, kanelazko biribilkiak edo Karolinak bezala.
- @deliciousmartha Martak azukre maila baxuagoko azkenburukoak proposatuko dizkizu, baina tartean plater gaziak ere topa ditzakezu. Postreen artean, mandarina tatina edo txokolate eta udare bizkotxoa nabarmentzekoak dira, eta, gazien artean, izokin ketua, patata eta sagar tarta edo gazta eta ezti saskitxoak. Begiratu urtean zeharreko argitalpenak Eguberritarako balio diezazuke eta.
Has zaitez kontu hauek jarraitzen eta ez galdu aurtengo errezetak.
Gozoa edo gazia nahiago duzu? Kontaiguzu ea zein kontu gustatu zaizun, eta sarrera irakurri ostean, amantala jantziaraziko dizugu!
Sar ezazu zure iruzkina