Galdetu al diozu inoiz zeure buruari nola erabil ahal ditzakezun bi aplikazio aldi berean zure Smartphonean? Gaur KZgunean, zure gailuaren pantaila zatitzen erakutsiko dizugu. Ez galdu gure gaurko sarrera!

Zer da pantaila zatitzea?

Pantaila zatitzea funtzio oso erabilgarria da, bi aplikazio irekita izateko aukera ematen baitdizu. Ezin hobea da hainbat gauza aldi berean egiteko, hala nola; mezuak erantzuteko bideo bat ikusten duzun bitartean edo bi produktu alderatzeko Interneten nabigatzen duzun bitartean.  

Nola zatitu pantaila Android-en?

Pantaila zatitua aktibatzeko hainbat modu daude. Hona hemen ohikoenak:  

Ataza-barra erabiliz:

  1. Lehenengo eta behin, erabili nahi duzun aplikazioa ireki. 
  2. Ataza-barran –pantailaren behealdean–, mantendu laukiaren botoia sakatuta, erabiltzen ari zaren aplikazioak pantailaren erdia bete arte. 
  3. Pantailaren beste erdian, irekita dituzun beste aplikazioak agertuko dira; aukeratu erabili nahi duzun aplikazioa. 
  4. Prest! Dagoeneko bi APP zabalik dituzu pantaila zatituan. 

Keinuak erabiliz:

  1. Ireki erabili nahi duzun lehengo aplikazioa. 
  2. Irristatu hatza pantailaren eskuineko edo ezkerreko ertzetik erdialdera.
  3. Irekita duzun aplikazioa erdira murriztuko da eta pantailaren beste erdian irekita dituzun beste aplikazioak agertuko dira.
  4. Aukeratu erabili nahi duzun bigarren aplikazioa eta listo! 

Funtzio berria erabiliz:

  1. Ireki Android-en azkenaldiko ikuspegia (keinuak edo ataza-barra erabiliz).
  2. Sakatu hiru puntutxoak eta aukeratu ‘Pantaila zatitua’. 
  3. Aplikazio irekietatik, aukeratu bigarren APPa eta kito! 

Nola banatu pantaila iOS-en?

iOS-en funtzio hau ‘Slide Over’ deitzen da eta honela funtzionatzen du:  

  1. Irristatu hatza pantailaren eskuineko ertzetik erdialdera, aplikazioen panela irekitzeko. 
  2. Pantaila zatituan erabili nahi duzun aplikazioa sakatu eta pantailaren eskuinaldera eraman. 
  3. Pantailaren beste erdian, irekita dituzun beste aplikazioak agertuko dira. Aukeratu erabili nahi duzun bigarren aplikazioa eta listo! Dagoeneko bi aplikazio zabalik dituzu pantaila zatituan. 

Ikusi duzunez, hainbat modu daude pantaila zatituan bi aplikazio irekitzeko. Proba itzazu modu guztiak eta aukeratu gehien gustatzen zaizuna!

Zure gailuetan erabiltzeko trikimailu eta gauza gehiago ikasi nahi dituzu? Eman izena gure “Android Sistema Eragilea” ikastaroan