Bankuarekin eragiketak eroso egiteko aukera izatea, zuk nahi duzun ordutegian eta bulego fisiko batera joan beharrik gabe, banka mugikorra erabiltzearen onura handiena da; baina gaur egun zibersegurtasuna da garrantzitsuena. Beraz, KZgunearen blogaren gaurko sarreran, banka mugikorra modu seguruan erabiltzeko aholku batzuk emango dizkizugu.

Segurtasun-protokolo sendoak mugikorrean gaitu

Smartphoneak online banka erabiltzeko gailurik ohikoenak dira; horregatik, zure mugikorra babestu beharko duzu pasahitzak eta egiaztatze-faktore biometrikoak konfiguratuz, aurpegi eskanerrekin edo hatz-markarekin, alegia, bai mugikorrera fisikoki sartzeko, bai banku-aplikazioetan sartzeko.

Gainbegiratu zure kontu-egoerak sarri

Zure kontuetan ohiz kanpoko edozein jarduera azkar detektatzeko, berrikusi zure banku-kontuak erregularki. Horrela, xehetasun susmagarriren bat nabaritzen baduzu, lehenbailehen jakinarazi ahal izango diozu bankuari.

Ez erabili WiFi sare publikoak online-bankan sartzeko

Kontuz ibili sare publiko edo irekiekin: ez dira seguruak. Horietako batera konektatuta zaudenean, garrantzitsua da zure banku-kontuetara edo informazio pertsonala duen edozein aplikazio edo orrietara ez sartzea.

Bankuaren aplikazioa iturri ofizial batetik deskargatu

Zure bankuaren aplikazioa deskargatu behar baduzu, egin beti denda ofizialetatik , Google Play Store eta APP Store etik. Gainera, mugikorra erabiltzen ari zarenean, saiatu zure kontuetan APP-etik sartzen, eta ekidin web-orrialdea.

Ez partekatu zure banku-datuak inorekin

Garrantzitsuena da pasahitzak baliabide digitalen bidez ez partekatzea. Honela, nortasun-agiriak edo zure profila on line eskuratzeko behar den informazioa babestuko duzu eta  phising, smishing, vishing eta antzeko praktiken biktima izatea saihestuko duzu.

Ez ahaztu saioa ixtea

Nahiz eta banku aplikazio batzuk,jarduerarik gabe egon ondoren, saioa automatikoki ixteko funtzioak eduki, ez zaitez konformatu mekanismo horrekin: itxi saioa eskuz, eragiketak amaitzen dituzun bakoitzean. Horrela zailagoa izango da saio-hasierako datuak lapurtzea.

Beste gomendio batzuk

Konfiguratu transferentzien mugak eta eragiketak txartelekin, zure beharretara egokitu. Blokeatu txartelak berehala lapurtu edo galduz gero. Era berean, zure kontu eta txartelen mugimenduak kontrolatzeko jakinarazpenak aktibatzea ere komeni da.
Kontuz BIZUM erabiltzean, egiaztatu zer eragiketa mota egingo duzun: ordainketa bat jaso behar baduzu, baieztatu benetan dirua bidaltzen ari dizutela eta ez dirua eskatzen.Gogoratu dirua jasotzeko ez duzula inoiz gakorik sartu behar.

Orain badakizu nola erabili banka mugikorra modu seguruan, online erosketen inguruan ikasten jarrai dezakezu “Erosketa eta ordainketa segurua Interneten” aurrez aurreko ikastaroarekin edo, urruneko modalitatea nahiago baduzu, “Erosketa eta salmenta seguruak Internet bidez” ikastaroarekin. Animatu!