Gero eta gehiago ahazten zaigu diru-zorroa, etxean edo atzo jarri genuen poltsan. Beti dago etxean uzten ez dugun zerbait, eta hartaz ahazten bagara, korrika eta presaka joaten gara haren bila, hura gabe ez baikara inor. Eta zer da hori? Mugikorra! MU-GI-KO-RRA.
Nor ez da hutsik edo segurtasunik gabe sentitu mugikorra etxean ahaztuta zuelarik? Eta zergatik ez zaigu hori gertatzen diru-zorroarekin? Gaur egun, mugikorrak arazo horri irtenbidea ematen dio; izan ere, ordaintzeko, farmazian identifikatzeko edo garraio publikoan erabil dezakegu.
EAEko osasun-sistemak teknologia berriak ditu; izan ere, Osakidetzak farmazietan identifikatzeko metodo berri bat abiarazi du sendagaiak emateko orduan. Orain ez da beharrezkoa txartela eramatea, soilik mugikorra erakustearekin botika eskura izango dugu. Hau da, orain etxetik atera gaitezke mugikorrarekin eta giltzekin, erosoago ezinezkoa!
Gainera, bai Android smartphone-ak bai iOSak zorroa izeneko APP integratu batekin datoz. Bertan, gure kreditu-txartelak, fidelizazio-txartelak eta garraio publikokoak gehitu ahal izango ditugu. Kasu batzuetan, bidaia-txartelak ere gorde daitezke!
Badakigu horrelako gestioek beldur pixka bat ematen dutela, eta horregatik azaldu nahi dugu nola funtzionatzen duten. Teknologia berri hori erabiltzen hasteko, ezinbestekoa da mugikorrak NFC izatea. Sistema honek txartelen txipek bezala funtzionatzen du; ukipenez ordaindu ahal izango dugu. Ordainketa baimendu ahal izateko, hobe da sistema biometrikoak konfiguratzea, hau da, aurpegia edo hatz-marka erabiltzea desblokeatzeko, PINa baino, erabiltzen ditugun PIN gehienak data seinalatuak baitira, deszifratzeko errazak. Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, ezinbestekoa da ordainketak egiteko orduan bitartekari lana egingo duen APP bat izatea, hala nola: zure bankuko APPak, Google Pay, Apple Pay, Samsung Pay…
Argibide horiekin guztiekin, KZgunetik diru-zorroa etxean uztera eta teknologia berri horiek probatzera animatzen zaitugu! Gogoratu: karterarik gabe eta eroak bezala!
Sar ezazu zure iruzkina