Gaur, KZguneatik, QR kodeen berri eman nahi dizugu, informazioa biltzeko eta partekatzeko modu berria. Kodeen erabilera zabaldu egin da azkenaldian, eta jatetxe bateko mahaian, supermerkatu batean, museo batean, iragarkietan edo medikuntzan, adibidez, aurki ditzakezu.

QR kodeak informazio kantitatea handitzeko sortu ziren, eta gaur egun dagoen 2D koderik ezagunena da. Helburua, makina edo gailu baten bidez informazioa ematea da.

Gailu batekin digitalizatzeko edozein material motatan ikusiko dituzu: papera, kartoia, oihala… eta ez bakarrik formatu fisikoan, baita birtualki ere, webgune batean, esate baterako.

Zertarako erabiltzen dira QRak?

Informazio mota desberdinak gorde ditzaketenez, QR kodeak helburu askotarako erabiltzen dira.

  • Testu sinple gisa: adibidez, museo bateko informazioetarako.
  • Jatetxe bateko karta ikusteko.
  • URL gisa, webgune espezifikoen helbideetan sartzeko.
  • Helbide, telefono-zenbaki edo helbide elektroniko pertsonal edo komertzialak jasotzeko.
  • APPetarako estekak: Google Play edo Apple Store aplikazioetan sartzeko.

Nola erabiltzen dira QR kodeak?

Kodeen erabilera asko handitu zen koronabirusaren pandemiarekin: adibidez, jatetxeetako menuak digitalizatu zituzten, karta fisikoarekin kontaktua ekiditeko, eta horrela transmisio arriskuak murrizteko.

Gaur egun, kodea eskaneatzeko, zure Smartphonearen kamera erabil dezakezu, eta bestela, Kaspersky aplikazioa deskarga dezakezu Androiderako eta Tap Media aplikazioa iOSerako.

Zure Smartphone-aren kamera QR kodera apuntatu besterik ez duzu egin behar, eta erabiltzen duzun APP-ak egingo du gainerakoa.

Zure aparailua modu eraginkorrean erabiltzen ikasi nahi duzu? Smartphoneak eta tabletak. Zure Android gailua erabiltzen ikasi ikastaroan izena eman, eta aukera guztiak ezagutu.