Orain, udan gaudenez, jende askok eramaten ditu gailu mugikorrak oporretara, ezin baitira deskonektatuta egon. Hala ere, kontuz ibili behar da.
Izan ere, mugikorrak tenperatura altuen eraginpean egoteak oso eragin negatiboa izan dezake epe laburrean edota ertainean. KZguneatik aholkuak emango dizkizugu zure Smartphonea udako berotik babesteko.
Kontuz eguzki izpiekin
Ez jarri mugikorra zuzeneko argitan eguzkiak gehien estutzen duen orduetan. Garrantzitsua da eguzkiaren argiak zuzenean jo dezan eragoztea, hau da, etxetik kanpo bazaude, saiatu leku estali batean edukitzen.
Egun beroetan ibiltzen zaren bitartean poltsikoan edo poltsan gordetzea gomendatzen dizugu. Eta hondartzara sakelakoarekin joaten bazara, ez utzi eguzkitan toailaren gainean, jarri itzalean nonbait, edo saiatu behintzat gainean zerbait jartzen, estaltzeko.
Mugikorra alde batera utz badezakezu, utzi etxean; hala, ez da gehiegi berotuko, eta, aldi berean, deskonektatu egiten duzu zure burua.
Zorro egokiak erabili
Zure telefonorako zorro bat aukeratzean, aukeratu beroa mantentzen ez duten materialak, hala nola silikona edo plastikoa. Zorro lodi edo isolatzaileek zaildu egin dezakete beroa xahutzea, eta horrek areagotu egiten du gehiegi berotzeko arriskua.
Oso une beroetan, salbuespen bat egin eta zorroa kendu, hobeto aireztatzeko.
Pantaila itzalita eta bigarren planoan dauden aplikazioak itxi
Neurri erraz bat da pantaila itzalita edukitzea mugikorra erabiltzen ari ez zaren bitartean. Hala, beroa xahutzen lagunduko duzu, osagairik piztuta ez izateagatik.
Gainera, bigarren mailan exekutatzen diren aplikazioek sistemaren baliabideak kontsumi ditzakete eta telefonoaren tenperatura igo. Itxi erabiltzen ari ez zaren aplikazioak prozesadorearen eta bateriaren karga murrizteko.
Modu ilunera jo
Zure mugikorraren pantailak lan egiten duenean, energia xahutzen ari da bero moduan. Pantaila piztuta edukitzeari edo distirari aplikatzen zaio hau. Eta, noski, distira minimoa izatea beti erosoa ez denez, telefonoaren modu ilunera jotzea da aukera bat.
Modu ilunean, pantailak modu argia erabiltzen baduzu baino gutxiago argitu behar du, eta horrek lana arintzen du. Beraz, bereziki beroa dagoen egunetan, aktibatu zure mugikorraren modu iluna.
Errendimendu handiko jokoak eta zereginak saihestu
Errendimendu handia eskatzen duten zereginak saihestu, adibidez, baliabide asko eskatzen dituzten jokoak edo aplikazioak, tenperatura altuak dauden lekuetan. Jarduera horiek mugikorraren gainberotzea bizkortu dezakete, eta, batez ere, erabilera intentsiboa egiten duzun bitartean eguzkia ematen ari bazaizu, seguruenik ahuldu egingo da, eta gutxiago iraungo dizu epe labur/ertainean, edo baliteke osagairen bat kaltetzea beroaren ondorioz.
Ez kargatu mugikorra tenperatura altuekin
Ez kargatu telefonoa eguzkipean aire zabalean zaudenean. Karga prozesuak bero gehigarria sortzen du, eta horrek, kanpoko tenperatura altuekin batera, zure mugikorra berotzea eragin dezake.
Halaber, ez ahaztu harearekin kontuz ibiltzea, gailuaren zirkuituak honda baititzake, baita gure mugikorra uretara erortzeko arriskuarekin ere.
Sar ezazu zure iruzkina