Gaur KZguneatik Google Maps aditu bat bezala menderatzeko keinuak eta trikimailuak gomendatu nahi dizkizugu. Seguru batzuk dagoeneko ezagutzen dituzula, eta beste batzuk ustekabean harrapatuko zaituztela.
Google Maps mapa tresna soil bat baino askoz gehiago da, leku batetik bestera autoan, motorrean, garraio publikoan edo oinez mugitzen laguntzeaz gain, zure bidaiak errazten dituzten funtzio aurreratuak ere ditu.
Maps-ekin ibilbide eraginkorrak aurkitu ahal izango dituzu, trafikoa denbora errealean ikusi eta garraiobide desberdinak esploratu. Hemen, aplikazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko 7 trikimailuren berri emango dizugu.
Trafikoa denbora errealean
Funtzioa ezinbestekoa izan daiteke, auto ilarak saihesteko eta biderik azkarrena aurkitzeko. Horretarako, trafiko geruza aktibatu beharko duzu maparen goiko eskuineko menutik.
Auto elektrikoentzako estazioak
Auto elektriko bat baldin baduzu, Maps-ek hurbileko karga estazioak aurkitzen lagunduko dizu. Horretarako, bilatu “Karga estazioa” eta aplikazioak zure inguruan dauden estazio guztiak erakutsiko dizkizu.
Distantzia neurtu
Bi punturen arteko distantzia kalkulatu behar baduzu, egin klik mapako edozein lekutan eta aukeratu “Distantzia neurtu”. Gero, klik egin neurtu nahi dituzun puntuetan eta aplikazioak distantzia osoa erakutsiko dizu.
Leku irisgarriak
Maps-ek lekuen irisgarritasunari buruzko informazioa ere eskaintzen du. Zure mugikorrean profileko argazkian klik egin, sartu “Ezarpenak” atalean, eta gero “Irisgarritasuna” atalean “Gune irisgarriak” aktibatu. Horrela, gurpildun aulkiek, mugikortasun urriko pertsonek eta abarrek lekua erabili dezaketen jakin ahal izango duzu.
Kalearen ikuspegia
Street View funtzioak kalean bertan dauden lekuak esploratzeko aukera ematen dizu. Bisten atalean Street View hautatu eta mapak urdinez erakutsiko dizu zein puntutan saka dezakezun kaleko ikuspegi hori ikusteko.
Hegaldien tarifak
Eta hegaldien tarifak kontsultatu nahi badituzu, bilatu aireportu baten izena, egin klik “Nola iritsi” botoian, helmuga puntu bat idatzi eta aukeratu hegazkinaren ikonoa. Hainbat airelinearen prezioak alderatu ahal izango dituzu eta zure bidaia modu eraginkorragoan planifikatu ahal izango duzu.
Establezimendu bati buruzko informazioa
Funtzio hori oso erabilgarria da nora joan edo zer zerbitzu erabili erabakitzeko. Establezimendu baten izena bilatzean, haren helbidea, telefono zenbakia, irekitzeko ordutegia, iritziak eta argazkiak ikusi ahal izango dituzu.
Trikimailu hauetako bakoitzak esperientzia eraginkorragoa emango dizu. Beraz, aprobetxa itzazu funtzio horiek nabigazioa pertsonalizatuagoa egiteko.
Sar ezazu zure iruzkina