Kaixo, KZguneko lagunok! Gaur ostiralero bezala, Iñakirekin, KZguneko ikastaroetako kidearekin, kafe bat hartzeko geratu naiz. Iñakik oso kezkatuta ikusi nau eta zer gertatzen zitzaidan galdetu dit.
Orduan SMS bat iritsi zaidala kontatu diot. Mezuak, nire bankuko kontuak arazo bat zuela zioen eta hori konpontzeko, kezkatuta, mezuak zekarren estekan sartu naizela esan diot. Iñaki berehala konturatu da iruzurra zirudiela, eta ni, egia esan, geroago konturatu naiz.
Hori konpontzeko, Iñakik urrats hauek gomendatu dizkit:
- Postaren, bankuaren eta sare sozialen pasahitzak aldatzea eta bankuko kontuak berrikustea. Batzuetan, iruzurgileek ezin dute asko egin datu guztiak ez badituzte.
- APPa desinstalatzea, hau da, estekatik aplikazioren bat deskargatu baduzu, berehala desinstalatzea.
Eta berriro ez gertatzeko, zibersegurtasunari buruz gehiago ikasteko une egokia dela pentsatu dugu, eta orduan, KZgunean gaiarekin lotutako ikastaroren bat izango dutela bururatu zaigu.
Kafea amaitu dugu, auzoko gure KZgunera hurbildu gara eta “Zibersegurtasuna eta pribatutasuna sarean” ikastaroan izena eman dugu.
Hau da behar nuena, ziur primeran datorkidala! Horrela iruzurrak identifikatzen eta neure burua babesten ikasiko dut. Oraindik ez badakizu iruzur bat nola detektatu, KZgunean hitzordua eska dezakezu eta lagunduko dizute.
Sar ezazu zure iruzkina