Teknologia berrietara etengabe konektatzeak antsietatea eragin diezaieke pertsona batzuei, eta gaur, KZguneatik, JOMO gomendatu nahi dizugu, gogoeta egitera gonbidatzen gaituen fenomenoa. “Joy of missing out” siglek, gauzak galtzearen poza esan nahi dute, hau da, une jakin batzuetan ez egotearen onurez gozatzea proposatzen da.

Gaur egun, pertsonek zenbait ekitalditan ez daudenean, beren bizitzarako esanguratsuak diren esperientzietatik kanpo geratzen ari direla sentitzen dute. Eta sentsazio hori handitu egin daiteke sare sozialetan lagunak edo ezagunak jarduera horietan parte hartzen ikusten dituztenean. Termino horri FOMO esaten zaio, “fear of missing out”, gauzak galtzeko beldurra.

Horregatik, sare sozialen gehiegizko erabilerak osasun mentalean eragin kaltegarriak izan ditzake, hala nola, autoestimu baxua eta antsietatea. Eta presio sozial horren aurrean, parte ez hartzeko antsietatea sentitu beharrean (FOMO), nahita deskonektatzea proposatzen dute (JOMO).

Zerbait galtzearen onurak

JOMOk bertan ez egotearen ideia defendatzen du, eta hori norberaren gogobetetze  eta ongizate iturri bihur daitekeela.

  • Antsietatea murriztea: Besteekin alderatzeko presiotik askatzeko aukera ematen du.
  • Sormena sustatzea: Aisialdia eta deskonexioa ideia berrien pizgarri izan daitezke.
  • Harreman pertsonalen hobekuntza: Pertsonek aurrez aurreko topaketak lehenesteko joera dute.

Nola aurkitu oreka osasungarria

JOMO hartzeak ez du esan nahi teknologiari edo sare sozialei uko egin behar zaienik. Helburua oreka osasuntsu bat aurkitzea da.

  • Muga digitalak ezartzea: Ordutegiak zehaztea lagungarria izan daiteke pantailaren aurrean denbora murrizteko.
  • Minimalismo digitala inplementatzea: Bizitzari balioa gehitzen dioten tresnak soilik erabiltzea.
  • Norberaren denbora lehenestea: Ongizate fisikoa eta mentala bultzatzen duten jarduerei denbora eskaintzea.

Izan ere, gero eta konektatuago dagoen mundu batean, non etengabeko jakinarazpenak eta sare sozialetan beti presente egoteko beharrak nagusi diren, JOMO etengabe presente ez egoteko presioari emandako erantzuna da.

Pantailak modu osasungarrian erabiltzeko gomendioak ezagutu nahi dituzu? Eman izena Pantailak, sare sozialak eta Internet modu osasungarrian erabiltzeko hezkuntza ikastaroan eta mugikorraren gehiegizko erabileraren ondorioak ezagutuko dituzu.