Aplikazio mugikorren unibertsoa esploratuz, gure musika-esperientzia hobetzen duten benetako altxorrak aurkitzen ditugu. Gaur, KZgunean, interesgarriak, bereziak eta oso bitxiak diren app-en aukeraketa bat dakarkizugu. Prest al zaude artista berri eta ezezagunak ezagutzeko? Garai ezberdinetako melodiak arakatzeko eta munduko txoko guztietako soinuak entzuteko? Plataforma hauek esperientzia erabat berriak eskaintzen dizkigute, beste garai eta kultura batzuetara garraiatzen gaituzte. Prest zaude zure musika errutinari ukitu berritzaile bat emateko?

Radiooooo: Zure smartphonerako denboraren makina musikala

Garai eta herrialde ezberdinetako musika arakatzea gustatuko litzaizuke? Radiooooo da horretarako app aproposa. Benetazko denboraren makina musikala da, 1900etik gaur egunera arte mundu osoko abestiak entzuteko aukera ematen dizuna.

Radiooooorekin, nahikoa da mapa batean herrialde bat eta hamarkada bat hautatzearekin eta aplikazioak bilduma musikal landu batetara eramango zaitu. Frantziako 20.hamarkadako Jazza edo 80.hamarkadako japoniar Popa entzun ahal izango duzu adibidez. Radiooooo-k zerbait berezi eta zirraragarria eskaintzen dizu, galdu nahi ez duzuna. Gainera, Radiooooo doakoa da, nahiz eta aplikazioaren barruan erosketak eskaintzen dituen sarbide mugagabea izateko.

Radio.garden: Bidaiatu munduan zehar eta ezagutu irrati-estazio ezberdinak

Herrialde ezberdinetako irrati-estazioak erraz eta intuitiboki sintonizatzeko desiorik izan al duzu noizbait? Radio.garden app perfektua da zuretzat. Bere interfaze interaktiboarekin, globo birtual bat biratu eta munduko edozein lekutako irrati-estazioak hauta ditzakezu.

Bertako emisoretatik nazioarteko estazioetara, Radio.garden-ek musika eta programen barietate izugarria deskubritzeko aukera ematen dizu. Gainera, zure estazio gogokoenak gorde ditzakezu eta irratiak martxan jarraituko du telefonoa inaktibo dagoen bitartean ere. Ezaugarri guzti hauek doan gozatu ditzakezu. Nahiz eta aplikazioak premium aukerak eskaintzen dituen kostu gehigarri baten truke, bere funtzionalitate gehienak dohainik eskuragarri daude.

IDAGIO: Zure musika klasikorako laguna

Musika klasikoa maite dutenentzat, IDAGIO aplikazioa ezinbestekoa da. 2.5 milioi pista baino gehiagorekin, esperientzia paregabea eskaintzen du. Bere interfaz intuitiboak konpositore, interprete eta orkestraren arabera bilatzea ahalbidetzen dizu, behar duzun hori zehazki aurkitzen duzula bermatuz.

Bere soinu kalitate apartekoak kontzertu aretora eramaten zaitu, eta gomendio pertsonalizatuek zure esperientzia hobetzen dute, zure lehentasunetara oinarritutako obra berriak iradokiz. Gainera, musika deskargatu dezakezu konexiorik gabe entzuteko, bidaian zaudenean ezin hobea da.

IDAGIO-k zuzeneko kontzertuak ikusteko aukera ere eskaintzen du, zure etxeko erosotasunetik emanaldiak zuzenean ikusteko aukera emanez. IDAGIO-k musika klasikoaren esentziara modu berezian konektatzen zaitu. Ezagutu App hau eta bere magiak eraman zaitzala.

 SoundCloud: Sortzaile eta entzuleak ahalduntzen

SoundCloud musika eta podcasten streaming plataforma da, sortzaileak eta entzuleak konektatzen dituena. Artista independenteei euren edukia igotzeko aukera ematen die, aitortza lortzeko eta audientzia globalarekin konektatzeko.

Plataformak milioika pista eskuragarri izanik, abesti eta podcast berriak deskubritzea erraztuko dizu. Erabiltzaileek euren artista gogokoenak jarraitu, iruzkinak utzi eta erreprodukzio-zerrenda pertsonalizatuak sor ditzakete.

SoundCloud-ek konexiorik gabe erreproduzitzeko eta gomendio pertsonalizatuak egiteko funtzioak eskaintzen ditu. Gainera, bere premium aukerak esperientzia hobetzen dute, katalogo zabalago bat eta iragarkirik gabeko sarbidea eskainiz.

Musika eta irratiko aplikazioak gustuko dituzu? KZgunean, zuretzat ikastaro perfektua daukagu. Ez galdu aukera eta eman izena orain!

Musika aplikazioak zure Smartphonean