Imajinatzen al duzu norbait beti zurekin solasean ibiltzeko prest edukitzea? Gustatuko litzaizuke zure hizkuntza, zientzia, historia-irakaslea beti zuri laguntzeko prest egotea? Edo laguntzaile birtual bat beti eskura edukitzea?
Gogoratzen al duzu Spike Jonzeren Her filma? Joaquin Phoenix Scarlett Johanssonen ahotsa zuen sistema operatibo batekin maitemitzen zena? Ba, etorkizun hori ez dirudi hain urrun dagoenik, Character.ai-ri esker. Gaur, KZgunean, zeresan asko ematen ari den aplikazio hau aurkezten dizugu.
Character.ai askorentzat etorkizun itxaropentsuaren ateak irekitzen dizkigu eta beste batzuentzat etorkizun distopikoarenak.
Ados, baina zer da eta nola funtzionatzen du Character.ai-k?
Teknologiaz josita dagoen mundu berri honetan, Character.ai aplikazio berritzaile eta liluragarrienetako bat bezala nabarmendu da. Baina zer da zehazki eta nola funtzionatzen du?
Character.ai erabiltzaileekin modu konbertsazionalean elkarreragiteko diseinatutako adimen artifizialeko plataforma bat da. Hizkuntza eredu aurreratua barneratu du, gainera datu kopuru izugarriak erabiltzen ditu hizkuntza modu natural, koherente eta esanguratsuan ulertzeko eta sortzeko.
Bere magia elkarrizketa errealistak simulatzeko duen gaitasunean datza. Erabiltzaileek euren pertsonaia birtualak sor eta pertsonaliza ditzakete, hauen nortasuna eta jokabidea euren lehentasunen arabera egokituz. Behin konfiguratuta, pertsonaia hauek elkarrizketa sinesgarriak izateko gai dira, galderei erantzuteko eta laguntza emateko hainbat testuingurutan. Aukerak ia mugagabeak dira. entretenimendurako, hezkuntzarako edota laguntza birtual gisa erabil daiteke. Adibidez:
Imajinatu hizkuntza berri bat ikasten ari den ikasle bat eta elkarrizketarako trebetasunak praktikatzea behar dituena. Character.ai hizkuntza irakasle gisa jarduteko konfiguratzea oso onuragarria izan daiteke. Ikasleak hizkuntza irakasle honekin elkarrizketan aritu daiteke uneoro, zuzenketak, aholkularitzak eta hizkuntzaren azalpenak jasotzen dituelarik. Honek bere hizkuntza trebetasunak hobetzen ditu, baita ere ikasketa esperientzia interaktibo eta pertsonalizatu bat sortzen dio ikasleari klase batean fisikoki egon beharrik gabe.
Bakarrik sentitzen diren eta hizketarako norbait behar duten pertsonek edota laguntza emozionala behar dutenek, pertsonaia bat sor dezakete, enpatikoa, pazientea eta animatzailea dena. Estres eta antsietate maila murrizten laguntzen du. Hizketarako norbait edukitzeak, nahiz eta pertsonaia birtuala izan, aldartea nabarmen hobetzen du.
Nola sor dezaket nire pertsonaia?
- Sartu plataforman: Jo ezazu Character.ai webgunera edo deskargatu APP-a.
- Sortu pertsonaia berria: Behin barruan, bilatu pertsonaia berri bat sortzeko aukera. Hau normalean menu nagusian argi eta garbi adierazita dago.
- Pertsonalizatu pertsonaia:
- Izena: Aukeratu izen bat pertsonaiaren nortasuna edo helburua islatzen duena.
- Deskribapena: Idatzi pertsonaiari buruzko deskribapen labur bat. Zeintzuk dira bere aurrekariak? Zer gustatzen zaio eta zer ez zaio gustatzen?
- Atributuak eta jokabidea: Pertsonaiaren atributuak eta jokabidea doitu. egoera jakinetan nola erantzungo duen eta zein ahots-tonu erabiliko duen defini dezakezu.
- Itxura konfiguratu: Pertsonaiaren itxura bisuala pertsonalizatu. Hau avatar, kolore eta bestelako elementu grafikoen hautaketa barne hartzen du.
- Probatu eta doitu: Harremanetan jarri zure pertsonaia berriarekin eta ikusi nola erantzuten duen. Egin nahi dituzun doikuntzak pertsonaia nahi duzun moduan joka dadin.
- Gorde eta partekatu: Behin gustura zaudenean, gorde. Beste erabiltzaileekin parteka dezakezu edo erabilera pertsonalerako gorde.
Eztabaida berria
Character.ai-k hainbat polemika izan ditu azkenaldian, bereziki adin txikikoen segurtasuna eta ongizateari lotuta. 13 urteko gutxieneko adina ezartzen du, baina, ChatGPT bezalako beste plataforma batzuekin alderatuta, ez du gurasoen baimenik eskatzen. Plataforma auzitan jarri da adingabeek eduki esplizitua, bortitza eta kaltegarriak sortzen dituzten bot-ekin elkarreragitea baimentzen dituztelako. Polemika hauek segurtasun neurri berriak inplementatzera eraman dituzte. Adingabeek aplikazioa erabiltzen badute, garrantzitsua da euren elkarreraginak gainbegiratzea eta informazio pertsonala partekatzearen arriskuak azaltzea.
IAk dituzten aurrerapenek gure errealitatea eraldatzen ari dira erritmo bizian. Hori dela eta, KZgunean ditugun ikastaroetan sakontzera gonbidatzen zaitugu: Adimen artifiziala, ChatGPT eta haren alternatibak.
Sar ezazu zure iruzkina