Gaur, KZgunetik, posta elektronikoz iristen den eta Guardia Zibilaren lekua hartzen duen iruzur berriari buruz hitz egingo dizugu. Phishing-ak aurrera jarraitzen du, eta gero eta ohikoagoa da hainbat erakunde eta entitate ofizialen izena hartzea gu engainatzeko.. Oraingoan Guardia Zibilaren txanda iritsi da, Estatuko segurtasun indarrek beraiek abisatzen dutenez.

Zertan datza iruzurra?

Gure bankua, Gizarte Segurantza edo Zerga Agentzia bezalako erakundeak ordezkatzen dituen teknika bat da, tranpan eror gaitezen, eta, hala, datu pertsonal jakin batzuk eskuratu, gero horien erabilera okerra egiteko.

Phishing bezala ezagutzen duguna da.

Guardia Zibila amu gisa erabiliz, eta posta elektronikoaren bidez, balizko iruzurra helarazten dizute. Hain zuzen ere, ustez Guardia Zibilak berak bidalitako mezu bat iristen zaizu, helduentzako hainbat webgunetara online sartzeagatik ikerketapean zaudela esanez.

Larderia taktikekin, berehalako neurriak hartzeko eskatzen diete biktimei, beldurra eta nahasmena sortuz. Helburua erasotzaileen amarruan erortzea da, horrela ustezko arazoa konpontzeko eskatzen dizkizuten datu pertsonal jakin batzuk lortzeko.

Jasotzen duzun postari erantsitako PDF formatuko artxiboa betez, zitazio moduan, erabiltzailearen datu pertsonalak eskatzen dira. Engainuan erortzen bazara, zibergaizkileek beren helburua lortuko dute, eta jada eskura izango dute eskatutako informazio pertsonala.

Nola saihestu phishing-aren tranpan erortzea?

Aholku hauek baliagarriak izan daitezke horrelako iruzurretan ez erortzeko:

  1. Benetako jakinarazpenak ez dira inoiz posta elektronikoaren bidez egiten: Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu erakunde publikoek zein pribatuek eta Estatuko segurtasun-indarrek maila pertsonalean egiten dituztela beti beren jakinarazpenak, adibidez, gutun ziurtatuen bidez.
  2. Ez eman datu pertsonalik adibidez, bankuko datuak edo plataformetara sartzeko kredentzialak, Internet bidez.
  3. Halako mezuren bat edo zalantza batzuk sortzen dizkizun mezuren bat jasotzen baduzu mugikorrera, jarri harremanetan dagokion erakundearekin, mezuaren legitimotasuna baieztatzeko.

Azkenik, engainu horren biktima izanez gero, egokiena 062 zenbakiarekin harremanetan jartzea da; bertan, Guardia Zibileko profesionalek argibideak eta aholkuak eman ahal izango dizkiete eragindako pertsonei, nola jokatu behar duten azaltzeko.

Sareko segurtasunari buruz gehiago jakin nahi baduzu, eman izena KZgunearen aurrez aurreko ikastaroan “ Zibersegurtasuna eta pribatutasuna sarean “ edo urruneko ikastaroan “ Zibersegurtasuna. Arriskuak, zaurgarritasunak eta mehatxuak “ Animatu!