Gaur, KZgunean, oporretan aditu batek bezala bidaiatu eta antolatzeko sekretua azalduko dizugu. Aurkitu eskaintzarik onenak adimen artifizialaren bitartez, planifikatu xehetasun guztiak ahaleginik gabe eta zure hurrengo bidaia esperientzia perfektu batean bilakatu dezakezu.
Chatbot eta adimen artifizialez betetako mundu batean, oporrak antolatzeko prozesuan, zer galdetu eta egoera bakoitzerako zein den IA egokiena ikusiko dugu.
Gaur, tresna horiek gehiago aprobetxatzen eta zure beharretarako IA idealena aukeratzen lagunduko dizugu.
Helmuga
Nora joan? Oporretarako leku egokia aukeratzea da lehendabiziko urratsa. Probatu ChatGPT, Copilot edo Gemini: galdetu gustatuko litzaizukeen bidaiaren xehetasunak (zer egin nahi duzun, zenbat gastatu, eguraldia…) eta IAk zuretzako ideiak sortuko dizkizu.
Adibideak: Prompt-ak. “Prompt” bat erantzun egokia sortu dezan IAri ematen diozun agindua, galdera edo testu hasiera da.
- “Nire gustukoak dira hiri kulturalak, natura eta janari tradizionala. Aurrekontua: 2 pertsona, 1.000€ (astebete). Zer gomendio dituzu Europan?”
- “Apirilean zein herrialdek ditu egun eguzkitsu gehienak, baina ez Mediterraneoan?”
- Udan bidaiatu nahi dut aurrekontu mugatu batekin. Zer helmuga ekonomiko baina interesgarri gomendatuko zenidake?
Bileteak
Opor perfektuak antolatzeko lehen pausua helmuga aukeratzea da, baina ba al zenekien bileteen prezioak erabakitzen lagun zaitzakeela? Batzuetan, abentura onena eskaintza harrigarri batekin hasten da. Adimen artifizialek hegaldi merkeak aurkitzen eta zuretzako bidai egokiena aukeratzen lagun diezazukete.
Googlek garatutako Geminik, bere tresna askotara du sarbidea, Google Flights barne. Integrazio honek aukera indartsu bihurtzen du hegaldi merkeak bilatzeko, Google-ren teknologiarekin eskaintza merkeenak eta aurrezki maximoez aprobetxatzeko aukera emango dizu.
Prompt-en Adibideak:
- “Zein dira Bilbotik aterata hurrengo hiru hilabetetan eskuragarri dauden nazioarteko helmugarik merkeenak?”
- “Aurkitu hegaldi merkeak Bilbotik Europako edozein helmugatarako asteburuko bidaia batean.”
- “Hegaldi zuzenak nahi ditut Bilbotik eguraldi ona izaten duen itsasertz-helmugetara. Zein aukera dauzkat?”
Tren edo autobus-txartel merkeak bilatzeko, adimen artifiziala barneratuta duten plataforma espezializatuak erabil ditzakezu (adibidez: Trainline). Baina zure bilaketa optimizatu nahi baduzu, probatu Copilot edo Gemini erabiltzen, honelako galderak eginez:
“Aurkitu Bilbotik Madrilerako tren-txartelik merkeenak hurrengo egunetan.”
Maleta
Maletan zerbait ahazteak bildurtzen zaitu? ChatGPT, Copilot edo Gemini bezalako IA batekin bidaiaren ezaugarriak deskribatu besterik ez duzu eta ezer ez ahazteko zerrenda pertsonalizatua sortuko dizu.
Prompt-en Adibideak:
“Neguan Parisera joango naiz aste batez. Zer eraman behar dut maletan?”
“Hegaldi luzea egingo dut. Zer sartu dezaket eskuko ekipajean?”
“Europa zeharkatuko dut motxilarekin hilabete batez. Nola prestatu ekipaje arina baina danetarik duena?”
Itinerarioa antolatu
Bidaia minuturik galdu gabe aprobetxatu nahi duzu? Adimen artifizialari esker, eguneroko itinerarioa sortzea ez da inoiz errazagoa izan. Jarraitu urrats hauek eta utzi IAri lan guztia egiten.
1. Zehaztu zure bidai estiloa
Hasi aurretik, galdetu zure buruari:
- Museoak, natura edo sukaldaritza nahiago duzu?
- Bidaia lasaia edo aktibitatez betea?
- Zenbat denbora eman dezakezu bisita bakoitzean?
2. Erabili IA itinerarioa diseinatzeko
Copilot, Gemini edo ChatGPT erabiliz, bidaiaren planifikazioa erraz eta azkar egin dezakezu. Adibidez, galdetu Chatbot-ari:
“Erroman izango naiz 5 egunetan eta leku historikoak ikusi nahi ditut, baina onena ez galduz. Egin iezadazu itinerario bat.”
“Bartzelonako jatetxerik gomendatuenak ezagutu nahi ditut. Nola antolatu nire 4 egunetako bazkalorduak?”
IAk ere aurrez sarrerak erosteko aholkuak emango dizkizu, ilarak saihesteko.
Adimen artifizialari eta gure aholkuei esker, zure oporrak erabat aldatu egingo dira. Bidaia zure beharretara egokituta izango duzu eta helmugari buruz beharrezkoa den guztia ikasiko duzu.
Sar ezazu zure iruzkina