Ekainetik aurrera, Europar Batasunean saltzen diren smartphone eta tablet guztiek betebehar berriak bete beharko dituzte. KZgunetik nolakoa izango den gailuen energia-etiketa berria eta zer informazio emango dizun kontatuko dizugu.
Araudi berriarekin, EBk gailu iraunkorragoak eta konpongarriagoak fabrikatzea sustatu nahi du, hondakin elektroniko gutxiago sortu eta kontsumo kontzienteagoa sustatu. Industria teknologikoak planetaren zaintzarekin eta ingurumen erantzukizunarekin duen konpromiso gero eta handiagoa dala islatzen du ekimen honek.
Nolakoa izango da etiketa- energetiko berria?
Sistema honek etxetresna elektrikoetan eta telebistetan dagoeneko ezarrita dagoen ereduari jarraitzen dio, eta mugarri bat jarriko du teknologia ulertzeko eta kontsumitzeko moduan.
Hau da etiketak emango duen informazioa:
Produktuaren identifikatzailea
Etiketak argi eta garbi adierazi behar ditu marka, modeloa eta produktuari buruzko informazioa duen QR esteka bat Energia Etiketarako Produktuen Europako Erregistroan (EPREL), orrira bideratzeko.
Energia-sailkapena
Gailuaren energia eraginkortasuna adierazten du A-tik G-ra doan sailkapen tartea erabiliz. Kontsumo txikiena A, izanik eta handiena, berriz, G. Kontsumitzaile zaren aldetik, modu errazean eta erosi aurretik, gailuaren energia-kontsumoa ezagutu ahal izango duzu. Energia eraginkortasuna prozesadorearen, pantaila motaren edo karga-zikloaren kudeaketaren araberakoa izango da.
Bateriaren iraupena
Etiketa berriarekin, halaber, jakingo duzu zenbat ordu eta minutu funtziona dezakeen gailuak bateria kargatu aurretik, erabilera-baldintza homogeneoetan: distira, sarea, bolumena eta abar.
Erorikoen aurkako erresistentzia
Indize honen bidez, smartphonearen sendotasuna eta iraunkortasuna egiaztatuko dituzu. Indize hau A-tik, erresistentzia handiena, E letrara, minimora, joan daiteke.
Araudi berriaren arabera, gutxienez 45 aldiz eroriko dira zorrorik eta pantaila-babeslerik gabe.
Tabletek ez dute bete behar gutxieneko erresistentzia hau, diseinuagatik eta erabiltzeko eragatik.
Konpongarritasun-indizea
Indize horren helburua da ekonomia zirkularra sustatzea eta smartphone eta tableten bizitza baliagarria maximizatzea. Konponketa eta berregokitzea sustatuz, aparatu berriak erosi ordez.
Indize hau desmuntatzeko, piezak ordezkatzeko eta konpontzeko behar den informazio teknikoa eskuratzeko erraztasunaren arabera kalkulatzen da, eta erorketen aurkako erresistentziaren letra-sistema berak markatuko du, A-tik E-ra.
Bateriaren iraupena
Araudi berriaren arabera, smartphone eta tabletetako bateriek hasierako edukieraren % 80 mantendu behar dute 800 karga zikloren ostean. Adierazle honekin jakingo duzu zenbat aldiz karga eta deskarga daitekeen bateria (karga-zikloa) ahalmena nabarmen galtzen hasi baino lehen, eta gailuaren bateriaren balioetsitako iraupena erakutsiko dizu.
Hautsaren eta uraren aurkako erresistentzia
Datu horrekin jakingo duzu zer babes eskaintzen duen gailuak hautsaren eta likidoen sarreraren aurrean, ‘Ingress Protection’(IP) ziurtagiriari jarraituz. Ziurtapen-sistema hau bi zenbakik osatzen dute: lehenak hautsaren aurreko erresistentziari egiten dio erreferentzia, babes maximoa 6 izanik, eta bigarrenak uraren aurreko erresistentzia neurtzen du, erresistentzia maximoa 9 izanik.
Ildo honetan, araudi berriak IP44 gutxieneko erresistentzia ezartzen du smartphoneetarako, eta IP40 gutxieneko erresistentzia tabletetarako.
Erregulazio-zenbakia
Produktua EPREL erregistroan inskribatzeko erabiltzen den kodea da.
Araudi hori gonbidapena da, bai fabrikatzaileentzat, bai erabiltzaileentzat, berehalakotik harago begiratzeko eta planetaren baliabideak errespetatzen dituzten produktuen alde egiteko.
Sar ezazu zure iruzkina