Gaur, KZguneatik zure routerrean aldaketa errazak egitea gomendatu nahi dizugu, bizilagunek, adibidez, zure WiFi-a lapurtu ez dezaten. Ez da egunero egiten den zerbait izan behar, baina behin eginda, urteetan zehar babestuko zaitu.

Gure egunerokoan telefono sareen menpe gaude eta etxean eta lanean WiFi konexio bat erabiltzen dugu askotan. Konexio hori router baten bidez izaten da, eta router horrek sortzen du konektatzen garen sarea. Hartzen ditugun erabakien arabera, sare hori segurua izan daiteke edo ez. Gomendagarria da routerraren erabiltzailea eta pasahitza aldatzea, konektatzen garen WiFi sarearen izena aldatzea edo pasahitz segurua erabiltzea.

Routerraren sarbidea

Lehendabizi, konfigurazioan sartu beharko duzu, eta erabiltzailea eta routerrera sartzeko pasahitza aldatu. Gero, ondo apuntatu, bestela fabrikaren egoerara pasa beharko zenuke berriro.

Routerraren doikuntzetan sartzeko erabiltzaile eta pasahitza behar duzu. Bi datuak kutxan datoz routerra erosten duzunean edo etxean Internetera sartzeko linea kontratatu duzun operadorearen teknikariak jartzen dizunean.

Datu horiek oso sinpleak izaten dira, erabiltzailea “admin” izan ohi da eta pasahitza oso erraza. Hori dela eta, arazo bat izan daiteke, operadoreen informazio filtrazioek datu horietara sarbidea eman dezaketelako.

WiFi eta pasahitza

WiFi berri bat konfiguratzean egin beharko zenukeen lehenengo gauza pasahitza eta WiFi izena aldatzea da, hau, mugikorraren pantailan lehen aldiz konektatu nahi duzunean agertzen da. Aldatzeko, routerraren doikuntzetara joan eta beste bat jarri behar duzu.

Onena routerraren atzekaldean inprimatuta dagoena ez erabiltzea da, eta zenbakiak, letra larriak, xeheak eta sinboloak dituen berria sortzea da.

Firmwarea eguneratzea

Routerrek sistema eragile propioa dute, eta horri esker, lan egin dezakete. Firmwarea noizean behin eguneratzen da, enpresaren arabera. Funtzio berriak inplementatzeko egiten da, baina batez ere, segurtasun zuloak estaltzeko ere.

Horregatik, eguneratuta edukitzea garrantzitsua da. Horrela, erasoren bat izateko aukera minimizatzen dugu.

Urruneko sarbidea

Router askok kanpotik erabiltzeko aukera ematen dieten urruneko sarbide sistemak dituzte. Hau, asko erabiltzen baduzu erosoa izan daiteke, baina erasorako sarrera bat ere bada, munduko edozein lekutatik sar daitezkeelako. Itzaltzen baduzu, sarrera eragotz dezakezu.

Urruneko sarbideko konfigurazioan, WANen edo antzekoetan sartu beharko duzu. Hortik desaktibatu ahal izango duzu. Eta orduan, WiFi sarearen barruan egon beharko duzu routerraren doikuntzekin lan egin ahal izateko.

Jakin nahi duzu Zure pasahitza nola ikusi eta aldatu mugikorretik? Gogoratu mugikorra WiFi sare batera konektatzen duzunean, zure mugikorrak pasahitza gordetzen duela, nahi duzunean berriro erabiltzeko.