Instagramek «Nerabeen kontuak» izeneko perfilak jarri ditu martxan, gurasoen kontrola hobetzeko eta adingabeak hobeto zaintzeko funtzioekin.
Kontu hauek murrizketa berezi askorekin datoz, eta 16 urtetik beherako norbaitek Instagramen profil bat sortzen duenean aktibatzen dira. Muga horiek kendu nahi badituzte, familiak oniritzia eman behar du. Gainera, konfigurazio horrek kontrol zorrotzagoak dakartza, hala nola mezu bidez norekin txateatzen duten ikusi ahal izatea. Gurasoen kontrol hori erabili ahal izateko, gurasoetako edo tutoreetako batek, gutxienez, kontu bat izan behar du Instagramen, bai ala bai.
Nerabeen kontuen ezaugarriak
Kontu pribatuak. Nerabeen Kontuak pribatuak dira hasieratik, eta nerabeek onartu egin beharko dute haiei jarraipena egin nahi duenari. Norbaitek jarraitzen ez badie, ezin izango du ikusi zer argitaratzen duten, ezta haiekin elkarreragin ere.
Mezuen murrizketak. Kontu horiek mezu konfigurazio kontrolatuagoa izango dute: haiek jarraitzen dieten edo konexioren bat duten pertsonen mezuak soilik jaso ahal izango dituzte.
Eduki sentikorren murrizketak. Eduki murrizketak aktibatuz gero, nerabeek ikus dezaketen eduki mota dezente mugatzen da, gauza desegokien eraginpean egon ez daitezen.
Elkarreragin mugatuak. Nerabeak aurretik jarraitzen dieten pertsonek bakarrik etiketatu edo aipatu ahal izango dituzte; horrela, nahi ez diren interakzioak saihesten dira.
Hitz murriztuak. Hitz eta esaldi iraingarriak blokeatzen ditu, bai iruzkinetan, bai zuzeneko mezuen eskaeretan, eduki mota hori ez iristeko.
Denbora mugaren oroigarriak. Kontu horiek erabiltzen dituzten pertsonek abisuak jasoko dituzte aplikaziotik irten daitezen, egunean 60 minutuz erabili ondoren.
Atsedenerako modua. Gaueko 10etatik goizeko 7ak arte aktibatuko da, eta denbora horretan jakinarazpenak isildu egingo dira eta mezu zuzenek erantzun automatikoak jasoko dituzte.
Nola sortu nerabeen kontu bat
Nerabearen amak, aitak edo tutoreak Konfigurazioa > Familia-zentroa > Gainbegiratzea eta nerabearen kontura gonbidapena bidali behar dute.
Nerabeak kontua sortuta badu, Konfigurazioa Ikuskapena ataletara joan behar du, Instagrameko bere kontuan, eta konexio eskaera bat bidali behar du amaren, aitaren edo tutorearen kontura. Eskaera jaso duen pertsonak saioa hasi behar du bere kontuan, eta onartu.
Kontu mota horien bidez, zibersegurtasuna mantendu nahi da nerabeen artean, sare sozialak gehien erabiltzen dituen kolektiboa baita, baina, aldi berean, grooming bezalako jazarpenen biktima izateko arrisku handiena duena.

Sar ezazu zure iruzkina