Oporrak prestatzen? Bidai bat antolatzea zirraragarria dela badakigu, baina buruko min bihur daiteke ere: Nor arduratuko da ordainketez? Non lo egin furgonetarekin? Nola mugitu hiri ezezagun batean? Estutasun batean harrapatu zaitu hiri ezezagun batean? Arnasa hartu! KZguneatik 5 app gomendatzen dizkizugu, estresik gabe bidaiatzeko eta ahalik eta gehien gozatzeko.
1. Tricount: Agur diruarekin lotutako buruhausteei taldean bidaiatzean
Taldean bidaiatzean inork ez badu kontulari lana hartu nahi, Tricount erabiliz ostatu, janari edo garraio gastuak eztabaidarik gabe banatu ahal izango dituzue.
Erregistratu besterik ez duzu egin behar: ostatua nork ordaindu duen, gasolina, afariak, opariak… eta aplikazioak automatikoki kalkulatzen du nork nori zenbat zor dion. Gainera, ahal den neurrian transakzio gutxien egitea bilatzen du eta bidai amaieran ordainketa bat edo bi besterik ez duzu egin beharko.
Adibidea:
“Lisboako gure bidaiako 5 lagunek gauza desberdinak ordaindu genituen egunero. Tricount-ek erakutsi zigun 3 transferentzia besterik ez zirela behar kontuak berdintzeko.”
Tricount aplikazioaz gain, badaude beste batzuk ere, hala nola Settle Up edo Splitwise (ingelesez dago).
2. Park4Night: Izarren azpian lo egiteko gida
Autokarabanan, “camper furgonetan” edo kanpin-dendan bidaiatzen baduzu, app hau ezin hobea da legezko eta seguruak diren lo egiteko lekuak aurkitzeko.
Erabiltzaileek toki hauek markatu eta gomendatzen dituzte: doako guneak, miradore ezkutuak… gainera bertan dauden zerbitzuak ere aipatzen dira: ura, dutxak, elektrizitatea…
Adibidea:
“Pirinioetako gure bidaian, Park4Night-ek aintzira baten ondoan dagoen aparkaleku batera eraman gintuen. Gu bakarrik geunden, mendiak eta izarrez beteriko zerua. Magia hutsa!”
3. PackPoint: Ez ahaztu behar duzuna, app honek dena gogorarazten dizu
Kargagailua, bainujantzia, eskuoihala edo orrazia beti ahazten badituzu…eta ez badakizu zer eraman klima ezezagun batera bidaiatzen duzunean, app hau lagungarri izango zaizu.
Zerrenda pertsonalizatuak sor ditzakezu helmugaren, urte sasoiaren eta jardueren arabera (hondartza? mendi ibilaldiak?). Adimentsuak diren oroigarriak ere eskaintzen ditu: “Ez ahaztu entxufearen egokitzailea Erresuma Baturako.”
4. Google Translate: Poltsikoko itzultzailea
Google Translate erabiliz edozein testu erraz itzul dezakezu.
- Menua japonieraz dagoenean eta ez duzunean ezer ulertzen.
- Beste hizkuntza bateko herrialdeetan komunikatzeko (mimo moduan seinalatu gabe!).
- Irudiak berehala itzultzeko (kamerarekin kartel edo menu bati apuntatu).
- Elkarrizketa errealetan aritzeko: gaztelaniaz hitz egin eta Tailandiako hizkuntzan entzungo da (bai, pelikula batean bezala!).
5. Toilet Finder: Zure salbamendu sanitarioa munduko edozein lekutan
Ai ama! Bidaian estutasunak harrapatu zaitu? Komun bat behar duzu ORAIN eta ez dakizu non dagoen? Lasai, horrelako momentu… delikatuetan ere pentsatu dugu.
- 200.000 komun publiko baino gehiagoren mundu mailako mapa (Japoniatik Amazoniaraino).
- Irisgarritasun-iragazkiak, haurtxoentzako aldagelak, ordainpeko komunak…
- Offline funtzionatzen du (oso garrantzitsua ezer ez dagoenean inguruan!).

Sar ezazu zure iruzkina