Iraila ez da agendak, motxilak eta arkatzak erosteko hilabetea bakarrik. KZgunetik, hobekien dakigun bezala, eskola-itzulera (digitala) onena opa dizugu: uda ostean zure gailua prest jartzeko aholku batzuk emanez!

Garbitu mugikorra (barrutik!)

Ziur oporretan argazki eta bideo pila bat egin dituzula, hondartzan jolasteko jokoren bat instalatu duzula edo app-en bat deskargatu duzula hegaldi merkeenak ikusteko.

Baina fitxategi hauetako zenbat erabiltzen jarraituko duzu orain? Argazki bikoiztuak edo desenfokatuak ezabatzeko eta behar ez dituzun app horiek guztiak desinstalatzeko unea da eskola-itzulera digitala.

Horrelako garbiketa batek zure gailua arinago eta eraginkorrago funtzionatzen lagunduko du.

Eguneratu zure sistema eragilea eta aplikazioak

Udan baztertu egiten ditugu sistema eragilea eta aplikazioak eguneratzea gomendatzen diguten jakinarazpenak. Hala ere, hau egitea akats bat da. Eguneratzeek, zure gailua seguruagoa izateaz gain, hobeto funtzionatzea ere eragiten dute.

Horretarako, egiazta itzazu zure gailuaren doikuntzak, eta ziurtatu sistema eragilea bere azken bertsioan eguneratuta dagoela. Aplikazioen kasuan, sartu aplikazio-dendan, egiaztatu azken bertsioan instalatuta daudela eta aktibatu eguneratze automatikoak.

Eguneratze hauek ez dira traba bat: zure gailua babestuta eta prest edukitzeko modu erraza dira.

Prestatu zure gailua errutinara itzultzeko

Uda bukatzean, zure gailua antolatzeko unea da, ahalik eta emankorrena izateko. Eskola-itzulera digital honetan, pantaila nagusiko aplikazioak berrikustea komeni zaizu, erabilgarrienak bertan jarriz eta denbora galarazten dizutenak ezkutatuz. Zure egutegia telefonoz ere kudea dezakezu, beharrezkoak diren oroigarriak prest utzita. Azkenik, “ez molestatu” modua aktibatzea gomendatzen dizugu, berriz ere errutinan kontzentratu zaitezen.

Badakigu asko dirudiela, baina ez larritu. KZgunetik hau guztia eta askoz gehiago nola egin erakuts diezazukegu: abiapuntu on bat “Smartphoneak eta tabletak. Ikasi zure Android gailua erabiltzen ” ikastaroa da.