Gaur, KZguneatik mugikorrak eta tabletak denbora luzeagoz erabiltzeko araudi berriaren berri eman nahi dizugu. Izan ere, urte honetatik aurrera, eta gutxienez bost urtez, mugikor guztiek softwarearen eguneratzeak jasoko dituzte. Honela, eguneratze gehiago eskainiz, gailuen bizitza luzatu nahi da.
Segurtasun eguneratzeak, zuzentzaileak eta funtzio berriak
Araudi berri honen arabera, gailu elektronikoen fabrikatzaileek bost urteko eguneraketak eskainiko dituzte, baina lehen bi urteak eguneratze osoak izan daitezke eta gainerako hirurak zatikako eguneratzeak. Beraz, baliteke Androiden azken bertsioa ez izatea aldi horretan. Araudi berriaren ezaugarriak honako hauek dira:
- Gailuak merkaturatzen direnetik bost urtez eguneratu beharko dira.
- Eguneratzeak doakoak izango dira.
- Hiru eguneratze mota daude: segurtasunekoak, zuzentzaileak eta funtzionalitate berriekin.
iOSen ez dago aldaketa handirik, Apple-ek sei eta zazpi urte bitartean eguneratu ohi baititu bere mugikorrak merkaturatu ondoren. Androiden kasuan, gama baxuenetako aparatuak onuradun izango dira, batez ere.
Mugikor iraunkorragoak
Araudiaren barruan, gailuen bizitza luzera handitzeko beste neurri batzuk daude:
- Ordezko piezak zazpi urtez eskainiko dira, eta erraz lortu eta muntatu beharko dira.
- Mugikorrak erresistenteak izan behar dira, metro bateko altuerako erorketak eta harramazkak jasan beharko dituzte, eta uraren eta hautsaren aurrean erresistenteak izan behar dira.
- Fabrikatzaileek bateriaren edukiera 800 karga zikloren ondoren % 80koa edo handiagoa bermatu beharko dute.
Azkenik, araudiak jasotzen duen berrikuntzetako bat etiketatze energetikoa da. Etiketak eskala energetikoa, modeloaren izen osoa, bateriaren autonomia eta konpongarritasun indizea eta erresistentzia erakutsiko ditu.

Sar ezazu zure iruzkina