Gaur KZgunean zure segurtasun digitala zaintzeko funtsezko gai bat ekarriko dizugu: pasahitz seguruen kudeaketa. Badakigu pasahitz asko gogoratzea zaila izan daitekeela, baina tresna eta aholku egokiekin zure kontuak babestea inoiz baino errazagoa izango da. Artikulu honetan pasahitz sendoak nola sortu, ohiko akatsak saihestu eta zure pribatutasuna arriskuan jarri gabe bizitza errazago egingo dizuten metodoak ezagutuko dituzu.
Zure kontu bakoitza (posta elektronikoa, sare sozialak, online bankua, harpidetzak…) zure informazio pertsonalerako sarrera-atea da. Pasahitz ahul bat atea erdi irekita uztea bezala da. Zibergaizkileek phishing-a, indar gordineko erasoak edo datu-ihes masiboak bezalako teknikak erabiltzen dituzte zure datuak eskuratzeko. Pasahitz sendoa zure lehen defentsa-lerroa da.
Pasahitz seguru baten ezaugarriak
Pasahitz on batek izan behar duena:
- Luzea: Gutxienez 12 karaktere.
- Konplexua: Letra larriak, minuskulak, zenbakiak eta ikurrak konbinatuz sortua.
- Bakarra: Ez erabili pasahitz bera zerbitzu desberdinetan.
- Aurresanezin: Saihestu izenak, jaiotze-datak edo hitz arruntak.
Adibidea: T!gR3@t1c_9vL#x2$eQ
Ziur aski horrelako pasahitzak gogoratzea ezinezkoa dela pentsatzen ari zara. Orduan, nola egin?
Gogoratu ditzakezun pasahitzak sortzea
Teknika erabilgarri bat esaldi luzeak erabiltzea da, ordezkapen sortzaileekin. Adibidez:
- Esaldia: “Nire katua sofan lo egiten du 2019tik”
Pasahitza: N1r3k@tu@l0S0f@2019 - Esaldia: “Eskerrik asko trikimailuagatik KZgunea”
Pasahitza: 3sk3rr1k@sk0tr1k1m@1uKZgun34
Egia da oraindik zaila izan daitekeela horrelako pasahitzak gogoratzea, horregatik KZgunean beste irtenbide bat daukagu:
Pasahitz-kudeatzaileak
KeePassXC: Iturburu irekiko kudeatzailea da, zure pasahitzak modu seguruan eta lokalean gordetzeko eta kudeatzeko aukera ematen dizuna (programa baten bidez). Beste kudeatzaile batzuk hodeiaren menpe dauden bitartean, KeePassXC-k zure datuak zifratutako fitxategi batean gordetzen ditu eta fitxategi hori zuk erabat kontrolatzen duzu.
Bitwarden: Iturburu irekiko kudeatzailea da, pasahitzak modu seguruan gordetzeko, sortzeko eta partekatzeko aukera ematen dizuna edozein gailutatik. Zuk bakarrik duzu zure datuetarako sarbidea; Bitwarden-ek berak ere ez du sarbiderik.
1Password: Premium (ordainpeko) pasahitz-kudeatzailea da, zure pasahitzak eta bestelako datu sentikorrak modu seguruan eta praktikoan gordetzen, sortzen eta babesten laguntzeko diseinatua.
Ohiko akatsak
- Pasahitz bera erabiltzea denetarako.
- Mugikorreko oharrak edo paperean gordetzea.
- Mezuz edo posta elektronikoz partekatzea.
- Bi urratseko egiaztapena (2FA) ez aktibatzea.
Zure kontuen segurtasunak pasahitzak zaintzea baino gehiago dakar eta horregatik KZgunean zure beharretara egokitutako ikastaro bat prestatu dugu, behar duzun informazio guztia eskainiz.
Zibersegurtasuna eta pribatutasuna sarean

Sar ezazu zure iruzkina