Kaixo, KZguneko lagunok! Gaur ostiral goizero bezala, Iñakirekin, KZguneko ikastaroetako ikaskidearekin, kafe bat hartzeko geratu naiz. Iñakik bere telebista zaharra Wallapopen saldu duela kontatu dit, eta Bizum bidez ordaindu behar ziotela.
Orduan, KZguneko ikastaro berriarekin topera nabilela kontatzen hasi natzaio, eta aplikazio batzuekin kontuz ibili behar dugula azaldu diot.
Une horretan bertan, Wallapopen jakinarazpen bat jaso du Iñakik; “Kaixo, Pablo naiz. Telebistako bizuma bidaltzen dizut, 180€. Onar ezazu, mesedez “. Iñaki prest zegoen mezua onartzeko, baina nik KZgunean ikasitakoaz gogoratu eta ezer ez ukitzeko esan diot; izan ere, litekeena zen iruzurra izatea arrazoi hauengatik:
- Norbaitek dirua Bizum bidez bidali behar badizu, eragiketa automatikoa da.
- Ez duzu ezer sakatu behar.
- “Baieztatu” edo “Onartu” sakatu behar baduzu, dirua eskatzen ari zaizu, alderantzizko bizuma.
Iñakik ezin zuen sinetsi eta iruzurrean erortzeko zorian egon da! Horregatik, ikasten jarraitu behar dugula gomendatu diot, iruzur mota hauetan ez erortzeko. Oraindik ez badakizu iruzur bat nola detektatu, hitzordua eska dezakezu KZgunean eta lagunduko dizute.
Sar ezazu zure iruzkina