KZgunean Telebistaren eguna ospatu nahi dugu, gogoratuz gaur egun ez dugula zertan telebista aparatu bat eduki behar gure saio gogokoenez gozatzeko. Izan ere, gaur egun  gailu anitzetatik telebista kateetara sartzeko aukera dago. Ordenagailutik edo smartphone-etik bertatik, badaude telebista zuzenean ikusteko edo streaming plataformetara klik bakar batez sartzeko modu ugari.

Doakoak diren eta zure ordenagailutik programarik instalatu gabe telebista kateak zuzenean ikusteko aukera ematen dizuten webgune eta plataforma ugari daude.

Aukera interesgarri batzuk hauek dira:

Pluto TV

Interneten bidez telebista doan ikusteko aukera bikaina da. Ez du erregistrorik behar eta 24 orduz eskaintzen ditu gai ezberdinetako kanalak: entretenimendua, albisteak, kirolak, filmak eta telesailak. Bere katalogoan genero jakinei eskainitako kanalak aurki daitezke: komedia, akzioa, dokumentalak… eta gainera, “eskaripeko” eduki atala ere badu, nahi duzunean programak ikusteko aukera ematen duena. Web bertsioan nahiz mugikorreko, tableteko edo Smart TV aplikazioetan erabil daiteke; beraz, Internet-konexioa duen edozein gailutik erraz sar zaitezke.

Rakuten TV

Doako streamingaren eta ordainpeko aukeren arteko uztarketa ona da. Ez du erregistrorik behar eta film, telesail eta dokumentaletara sartzeko aukera ematen du tarteka iragarki laburrak dituelarik. Halaber, estreinaldi berriak eta alokairu edo erosketa bidez eskuratu daitezkeen titulu ugari eskaintzen ditu esperientzia osoagoa bilatzen dutenentzat. Bere interfazeak erraza eta gaztelaniazkoa da, eta web arakatzailetik, mugikorretik edo telebista adimendunetik erabil daiteke. Edukia doan ikusteko modu legal, segurua eta kalitatezkoa da.

TV.garden

Web plataforma honek hainbat herrialdetako telebista kanalak zuzenean ikusteko aukera ematen du munduko mapa interaktibo baten bidez. Nahikoa da herrialde batean klik egitearekin eta bertako kanaletara sartuz, emisioa unean bertan ikusten has zaitezke, ezer instalatu edo konturik sortu beharrik gabe. Modu interesgarria da nazioarteko telebista ezagutzeko eta kultura bakoitzak nola informatzen edo entretenitzen duen ikusteko.

Doako aukerez gain, ordainpeko streaming plataformak ere badaude, eduki esklusiboak, estreinaldi berriak eta jatorrizko telesailak eskaintzen dituztenak. Plataforma hauek telebista kontsumitzeko modua iraultzen ari dira, nahi duguna, nahi dugunean eta edozein gailutatik ikusteko aukera emanez.

Hona hemen KZguneatik gomendatzen ditugun ordainpeko streaming plataforma nagusiak:

Netflix

Munduan ezagunena da. Serie, film, dokumental eta jatorrizko ekoizpenen katalogo zabala eskaintzen du. Edukia hainbat gailutan ikusteko eta profil pertsonalizatuak sortzeko aukera ematen du. Aukera ezin hobea da askotariko edukiak eta maizko estreinaldiak bilatzen dituztenentzat.

Disney+

Familientzat eta frankizia handien jarraitzaileentzat pentsatua. Disney, Pixar, Marvel, Star Wars eta National Geographic-en eduki guztia biltzen du. Ez du iragarkirik.

Amazon Prime Video

Amazon Prime zerbitzuaren barruan dago eta oso katalogo zabala eskaintzen du: telesailak, filmak, estreinaldi berriak eta ekoizpen propioak. Gainera, harpidetzan sartuta ez dauden tituluak alokatzeko edo erosteko aukera ere badago.

HBO Max (laster Max izenpean, bertsio berrian)

Jatorrizko ekoizpenen kalitateagatik nabarmentzen da: HBO, Warner Bros. eta Discovery-ren serieak, besteak beste. Eduki narratibo eta zinematografiko kalitate handikoak bilatzen dituztenentzat aproposa da.

Filmin

Espainiako plataforma bat da, zinemaren ikuspegi independentea, klasikoa, europarra eta egile-zinema eskaintzen duena. Aukera paregabea da zazpigarren artearen zaleentzat, arrakasta komertzialetatik harago zerbait berezia bilatzen dutenentzat.

Apple TV+

Apple-ren zerbitzuak hautaketa txikiagoa eskaintzen du, baina oso kalitate handikoa: sari ugari jaso dituzten jatorrizko serie eta filmak. Ez du iragarkirik eta Apple gailuekin bikain integratzen da.

SkyShowtime

Streaming aukera eskaintzan azken urteetako berritasunetako bat da, Paramount+, Universal, Nickelodeon eta DreamWorks-en edukia uztartzen duena. Estreinaldi eta serie esklusiboak eskaintzen ditu, prezio lehiakorretan.

Telebista gustuko duzu baina irratia eta musika ere interesatzen zaizkizu? Orduan, KZguneko ikastaro hau aproposa da zuretzat: Musika aplikazioak zure smartphonean