Online erosketak egiteko garaian Black Friday eta Cyber Monday urteko datarik esperoenetarikoak bihurtu dira. Hala ere, distira egiten duen guztia ez da urre: iruzurrak, gezurrezko beherapenak edo webgune ez oso seguruak ezkutatu daitezke eskaintza handien atzean.

KZguneatik erosketa seguruak eta kontzienteak egiten lagundu nahi dizugu, benetako aukerak aprobetxa ditzazun zure dirua eta datu pertsonalak arriskuan jarri gabe.

Kontuan hartu aholku hauek erosi eta saskia bete aurretik:

Ez utzi presak eraman zaitzan

Denda askok “Azken unitateak!” edo “Denbora mugatuko eskaintza!” bezalako mezuak erabiltzen dituzte pentsatu gabeko erostera bultzatzeko. Hartu une bat prezioak alderatzeko eta produktua benetan behar duzun baloratzeko.

Egiaztatu deskontua benetakoa den

Denda batzuek prezioak igo egiten dituzte Black Friday-a baino egun batzuk lehenago, gero “eskaintzan” jaisteko. Prezioen historia Keepa edo CamelCamelCamel bezalako tresnekin egiazta dezakezu Amazonen erosten baduzu, edo webgune ezberdinen artean alderatu.

Gune seguruetan bakarrik erosi

Ziurtatu webgunea “https://” -rekin hasten dela eta helbide-barran sarraila bat duela. Saihestu posta elektronikoz edo sare sozialez iristen zaizkizun esteka susmagarriak, eta ez fidatu egia izateko oso onak diruditen eskaintzekin.

Kontuz ibili mezu eta korreo faltsuekin

Data hauetan phishing-saiakerak areagotu egiten dira. Ez ezazu inoiz egin klik kupoiak, zozketak edo sariak oparitzen dituzten esteketan iturria egiaztatu gabe.

Babestu zaitez mugikorretik ere

Telefonotik erosten baduzu, saihestu Wi-Fi sare publikoak eta mantendu zure aplikazioak eta sistema eragilea eguneratuta segurtasun-arriskuak murrizteko.

Itzulketa-politikak berrikusi

Erosi aurretik, egiaztatu produktua itzuli dezakezun eta zein baldintzatan. Denda batzuek aldaketak eta itzulketak mugatu egiten dituzte deskontu-kanpainetan.

Azken batean, Black Friday eta Cyber Monday aukera bikainak izan daitezke, kontuz erosten baduzu. KZguneatik zentzuz jokatzera, ondo informatzera eta zure datu pertsonalak beti babestera animatzen zaitugu, eskaintzez goza dezazun.

Erosketa seguruak egiten eta arriskurik gabeko eskaintzak aprobetxatzen jarraitzeko, KZgunearen ikastaro hau gomendatzen dizugu: Erosketa eta ordainketa segurua Interneten