Abendua familia bileraz, lagun ikusezinez eta azken orduko erosketaz beteta dator, Gabonak ilusioz betetako sasoia bihurtuz, baina presazko garaia da ere. Antolaketa benetako buruko min bihurtu ez dadin, KZgunean zereginak sinplifikatzen lagundu nahi zaitugu; Gabonak kudeatzeko estresik gabe, zure denbora, gastuak eta menuak antolatzeko hainbat aplikazioekin. Guztiak doakoak eta konfiguratzeko errazak dira.
Google Calendar (Android/iOS)
Google-ren egutegia da, zure kontuak eskaintzen dituen tresnen artean dagoena, Gmail, Drive edo Argazkiak bezala. Google Calendar erabil dezakezu zure familiarekin egutegi partekatu bat sortzeko, denek jakin dezaten noiz den aiton-amonen etxeko bazkaria edo opariak erosteko azken eguna. Gainera, abisuak gehi daitezke, garrantzitsua dena inori ahaztu ez dakion.
Google Keep (Android/iOS)
Proiektuen arabera bereizitako zerrendak sortzeko erabil dezakezu: “Opariak”, “Dekorazioa”, “Bisiten aurreko garbiketa”. Zeregin bakoitza “burututa” gisa markatzeak lasaitasun handia emango dizu. Bikaina izan daiteke, zure iloben arropa neurriak gordetzeko ere.
Bring! Erosketa zerrenda (Android/iOS)
Aplikatibo honek Gabonetako erosketa partekatua egiten laguntzen dizu, produktuen ikonoekin eta txantiloiekin. Etxeko kide guztiek falta dena gehitzen duten zerrenda partekatu bat sor dezakezu. Produktuak supermerkatuko pasiloen arabera antolatzen ditu (frutategia, esnekiak, etab.), eta horrek denbora asko aurreztuko dizu orga betetzen duzun bitartean.
Tricount (Android/iOS)
Lagunekin Urtezahar gaueko afariaren aurrekontua edo anai-arreba guztien arteko amarentzako opari bateratua antolatzeko aproposa. Besterik gabe, nork zer ordaindu duen idazten joan, eta aplikazioak kalkulatzen du azkenean nork zor dion dirua nori, kontuak perfektuak izan daitezen.
Fintonic (Android/iOS)
Gabonetako aurrekontua kontrolatzen du: kategoriak, alertak eta zure kontuen ikuspegia open banking bidez. Aplikazio hau ezinbestekoa da “urtarrileko aldapa” saihesteko, Gabonetako gastuetarako aurrekontu zehatz bat konfiguratzeko aukera ematen baitu eta aplikazioak muga gainditzen ari zaren ala ez jakinarazten dizu. Denbora errealean gastatzen duzunaz jabetzen lagunduko dizu, eta ez bankuko laburpena iristen denean.
Cookpad (Android/iOS/web)
Menurako ideiarik gabe geratu bazara edo elikagairen bati alergia dion gonbidaturen bat baduzu, hemen aurkituko duzu irtenbidea. Aplikazio honetan “aperitibo errazak” edo “Glutenik gabeko Gabonetarako postreak ” bilatu ditzakezu eta beste erabiltzaile batzuek igotako urratsez urratseko argazkiak ikusi.
Erabilera eta pribatutasun aholkuak
Aplikazio hauek Gabonak kudeatzen lagunduko dizuten arren, ez duzu inoiz ahaztu behar zure segurtasunari eustea eta zure datu pertsonalak ondo zaintzea. Aplikazio seguruak izan arren, komenigarria da alderdi hauek kontuan hartzea:
- Sortu beharrezkoak diren egutegi partekatuak soilik, eta berrikusi editatzeko baimenak.
- Zerrendetan eta gastuetan, saihestu datu sentikorrak (NANa, bankuko kontua). Gehitu ahalik eta gutxien.
- Berrikusi aplikazio bakoitzaren baimenak (mikrofonoa, kamera, fitxategiak) eta desaktibatu erabiltzen ez dituzunean.
- Definitu aurrekontu global bat eta kategorien araberakoa (opariak, otorduak, bidaiak) eta kontsultatu erosketa bakoitzaren aurretik.

Sar ezazu zure iruzkina