Kaixo, KZguneko lagunok! Gaur, ostiral goizero bezala, Iñakirekin, KZguneko ikastaroetako ikaskidearekin, kafe bat hartzeko geratu naiz.

Orduan, mugikor berria dudala esan diot, eta zaharra edonon uzteaz kezkatuta nagoela azaldu diot.

Iñakik kezkatzea ondo dagoela esanez lasaitu nau, eta birziklatu aurretik, mugikorra garbi utzi behar dela azaldu dit.  Orduan, mugikor zaharra hartu eta urrats hauek eman ditugu:

  • Lehenik, eta ezer ez galtzeko, nire datu guztien segurtasun kopia bat sortu dugu hodeian.
  • Jarraian, nire kontu guztietan saioa itxi dugu: Facebook, posta, bankua… Ez da nahikoa aplikazioa ezabatzearekin.
  • Eta gero, SIM txartela eta MicroSD txartelak atera eta mugikor berrirako gorde ditut.
  • Amaitzeko, Ezarpenak > Sistema > Berrezarpena atalean sartu gara, eta “Ezabatu datu guztiak” aukera hautatu dugu. Honek mugikorra, erosi nuen egunean bezala uzten du.

Mugikorra seguru dagoenean, Iñakik esan dit ez dela zaborretara botatzen, eta garbigune batera edo mugikor erabiliak biltzen dituen denda batera eraman behar dela. Une horretan bertan, KZgunean erabiltzen ez diren mugikorrak uzteko postontzi batzuk dituztela gogoratu dut.

Horixe zen behar nuena! Eta bukatzeko mugikor berria martxan jarri dugu. Zure mugikor zaharra nola birziklatu ez badakizu, eraman KZgunera!

KZgunean zure zain gaude!