Kaixo, KZguneko lagunok! Gaur, ostiral goizero bezala, Iñakirekin, KZguneko ikastaroetako ikaskidearekin, kafe bat hartzeko geratu naiz.
Orduan, atzo bertan mugikorrean jaso nituen dokumentu batzuk kontsultatu nahi nituen, baina gaur ez nituen aurkitzen! Urduri jartzen hasi naiz eta mugikorrak dokumentuak ezabatu dizkidala pentsatu dut.
Iñakik, kezkatuta ikusi nauenean, zer gertatzen zitzaidan galdetu dit, eta atzo, WhatsApp bidez, hiru dokumentu bidali zizkidatela kontatu diot, eta haiek aurkitzeko, ordu erdi neramala txata igotzen.
Orduan Iñakik, bilatzeko bi modu oso erraz daudela esanez lasaitu nau:
- Lehenengoa WhatsApp-etik da. Artxiboak jaso dituzun txatean sartu, goiko hiru puntutxoak sakatu, eta “Fitxategiak, estekak eta dokumentuak” bilatu.
- Bigarren aukera, Whatsapp-en sartu gabe bilatzea da. “Mis Archivos” edo “Files” izeneko aplikazioa bilatu behar duzu, dokumentuetan sartu, eta hor duzu dena.
Berehala konpondu dugu, eta nik, mugikorrak bizitza propioa zuela uste nuen. Orduan Iñakik, mugikorra armairu bat bezalakoa dela gogorarazi dit, eta galtzerdiak non jartzen dituzun ez badakizu, gero ez dituzula aurkituko azaldu dit.
Horixe zen behar nuena! Eta une horretan bertan nire armairu digitala ordenatzen hasi naiz. Oraindik ez badakizu dokumentuak mugikorrean nola bilatu, hitzordua eska dezakezu KZgunean eta lagunduko dizute.
Sar ezazu zure iruzkina