2026ko otsailaren 10ean Internet Seguruaren Nazioarteko Eguna (Safer Internet Day) ospatzen da. Horren helburu nagusia Internet plataforma digital seguruagoa bihurtzeak duen garrantziaz jabetzea da. Blogeko sarrera honetan zure segurtasuna mantenduz Interneti ahalik eta etekin handiena ateratzeko neurriak gomendatzen dizkizugu.
Internet Seguruaren Nazioarteko Eguna 2004tik ospatzen da, eta 20 urte hauetan zehar mundu osoko pertsonak mobilizatu ditu Interneten erabilera egokiari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko.
2026an, egun honen leloa ‘Elkarrekin Internet hobe baten alde’ da, Internet guztiontzako leku hobea eta seguruagoa izan dadin, baina, bereziki, hezkuntzarako eta informaziorako tresna hori gero eta gehiago erabiltzen duten haur eta gazteentzat.
Internet behar bezala erabiltzeko gomendioak
Azken urteotan, Internetek halako hazkundea izan du, non ezinbesteko tresna bihurtu baita pertsonen egunerokoan. Baliabide horrek hamaika abantaila eskaintzen ditu bizitzako esparru guztietan, bai arlo profesionalean, bai finantzarioan, bai etxearen kudeaketan eta komunikazioan, aisialdian eta entretenimenduan.
Online munduak abantaila eta onura asko eskaintzen ditu, baina arrisku ere bihur daiteke, babesteko beharrezko neurriak ezagutzen ez badira. Horregatik, KZgunetik urrats erraz eta praktiko batzuk proposatzen dizkizugu Interneten zure segurtasuna mantentzeko:
Sare sozialak
Sare sozialetan profila baduzu eta egunerokoan erabiltzen badituzu, jakin beharko zenuke aurrez aurre ezagutu dituzun pertsonekin soilik izan behar duzula harremana eta pertsona arrotzekin kontaktua saihestu behar duzula. Ez onartu zure familia- edo gizarte-inguruneko kide ez diren pertsonen gonbidapenik; izan ere, onartzen dituzunean, atea irekitzen diezu zure bizitza pertsonala ezagut dezaten.
Konexio seguruak
Konexio segurua erabili behar duzu eta sare publikoak saihestu, bereziki datu pertsonalak dituzten plataformetara sartzeko, hala nola zure bankuaren aplikaziora. Gomendagarriena da gestio garrantzitsuak etxetik egitea, eta ez leku publikoetan, edonork errazago jakin baititzake zure datuak.
Posta susmagarriak
Online iruzurrak gero eta ugariagoak eta berriagoak dira. Phising, smishing, vishing… Helburu bera betetzen duten hainbat teknika: gezurretan erortzea datu pertsonalak lapurtzeko. Posta elektronikoz, SMSz edo telefono-deiz jasotzen duzun guztiaren susmoa izan behar duzu, iturri ofizialak diruditen arren. Askotan, zure bankuaren edo enpresa garrantzitsuen itxura egiten dute, arazo baten berri emateko, eta, kezkaz, zuk datu pertsonalak ditzazun edo iruzurrezko loturetara sartzeko. Horrelako komunikazioak jasotzen dituzunean, deitu zuk erakunde horri, eta baieztatu egia dela postaz, SMSz edo deiz esan dizuten hori.
Pasahitz seguruak
Pasahitzak dira zibersegurtasunaren arloko ahulgunerik handienetako bat, gogoratzeko errazak diren pasahitzak aukeratzen baitira, karaktere gutxi dituztenak. Gainera, pasahitz bera erabiltzen da edozertarako, eta honek, pasahitz bakarra lapurtzen badizute, zure datu pertsonal guztietara sartzeko aukera ematen du.
Aukeratu asmatzen zailagoak diren pasahitz seguruak, ahal dela ezaugarri hauekin:
- Luzea izan behar du: gutxienez 12 karaktere.
- Karaktere-konbinazio bat izan behar du: letra larriak, xeheak, sinboloak eta zenbakiak.
- Ez jarraitu ereduak eta ez sartu datuak: Saihestu ondoz ondoko zenbakiak (adibidez, “1234”) eta ezagutzen duzun norbaitek erraz jakin ditzakeen datu pertsonalak.
Pasahitzen administratzaile bat erabiltzea erabilgarria izan daiteke, automatikoki pasahitz seguruak sortzen baitizkizu eta biltegi digital batean gordetzen, pasahitz nagusi bakar batek babestuta.
Gainera, garrantzitsua da Interneten informazio pertsonalik ez ematea eta gailu guztiak eguneratuta edukitzea. Neurri erraz horiekin, zure datu pertsonalen lapurreta saihestuko duzu, eta Interneten izango duzun esperientzia askoz positiboagoa izango da. Dauden iruzur motei buruz gehiago jakin nahi baduzu, gure sarrerak interesatuko zaizkizu: “Nola babestu gure burua Gabonetan ohikoenak diren iruzur digitaletaz” eta “SIMen iruzur berria: SIM swapping“.

Sar ezazu zure iruzkina