Gaur, KZgunean, edozein ordenagailuren osagai garrantzitsuenetako bati buruz hitz egingo dugu: biltegiratzea. Gure fitxategiak gordetzeko, programak instalatzeko edo sistema eragilea abiarazteko garaian, erabiltzen dugun disko motak alde handia eragin dezake ekipoaren errendimenduan.

Gaur egun, biltegiratze mota ohikoenak bi dira: HDDak (disko gogor tradizionalak) eta SSDak (egoera solidoko unitateak). Biek funtzio bera betetzen duten arren (informazioa gordetzea), haien funtzionamendua, abiadura eta eskaintzen dituzten abantailak nahiko desberdinak dira.

Sarrera honetan ikusiko dugu zer den HDD bat eta zer den SSD bat, zein diren haien arteko desberdintasun nagusiak, eta bakoitzak zer abantaila eskaintzen dituen, zure beharretara hobekien egokitzen den aukera aukeratzen laguntzeko.

Zer da HDD bat?

HDD bat (Hard Disk Drive), edo disko gogor tradizionala, informazioa gordetzeko disko magnetiko birakariak erabiltzen dituen biltegiratze-gailu bat da.

Diskoaren barruan plater metaliko bat edo gehiago daude, abiadura handian biratzen dutenak; bitartean, beso mekaniko bat mugitzen da datuak irakurri edo idazteko. Sistema hau hamarkadetan zehar erabili da, eta denbora luzez ordenagailuetan estandarra izan da.

HDDen abantailak

  • Edukiera handiagoa prezio txikiagoan: normalean merkeagoak dira gigabyte bakoitzeko.
  • Datu kopuru handiak gordetzeko aproposak.
  • Teknologia heldua eta oso hedatua.

HDDen desabantailak

  • Irakurketa eta idazketa abiadura txikiagoa.
  • Osagai mekanikoak dituzte eta horrek denborarekin higadura eragin dezake.
  • Kolpe edo bibrazioekiko sentikorragoak dira.

Zer da SSD bat?

SSD bat (Solid State Drive) edo egoera solidoko unitatea pieza mekanikorik erabiltzen ez duen biltegiratze mota bat da. Disko birakarien ordez, datuak flash memoria-txipetan gordetzen ditu, USB memoriak (pendriveak) edo memoria-txartelak erabiltzen dituztenen antzera.

Teknologia honi esker, SSDek informazioa askoz azkarrago eskuratu dezakete disko gogor tradizional batek baino.

SSDen abantailak

  • Abiadura handiagoa sistema abiaraztean edo programak irekitzean.
  • Zarata egin gabe funtzionatzen dute.
  • Kolpeekiko erresistentzia handiagoa, ez baitute pieza mugikorrik.
  • Energia kontsumo txikiagoa.

SSDen desabantailak

  • Prezio handiagoa gigabyte bakoitzeko.
  • Edukiera handieneko modeloak garestiagoak izaten dira.

Zein da hobea: HDD ala SSD?

Bata edo bestea aukeratzea ordenagailuari eman nahi diozun erabileraren araberakoa da batez ere. Biltegiratze espazio handia prezio txikian behar baduzu, HDD bat aukera ona izan daiteke. Abiadura handiagoa eta errendimendu hobea bilatzen badituzu, SSD bat da aukerarik onena.

Gaur egun, ekipo askok bi biltegiratze motak erabiltzen dituzte: SSD bat sistema eragilerako eta programetarako, eta HDD bat fitxategi handiak gordetzeko, adibidez argazkiak, bideoak edo segurtasun-kopiak.

Bai HDDek bai SSDek funtzio bera betetzen dute: datuak gordetzea. Hala ere, SSDek abiadura, eraginkortasun eta fidagarritasun handiagoa eskaintzen dute; HDDak, berriz, informazio kopuru handiak gordetzeko aukera ekonomikoa izaten jarraitzen dute.

Bat edo bestea aukeratzea zure beharren, aurrekontuaren eta ordenagailuari ematen diozun erabileraren araberakoa izango da.

Nahiz eta HDD eta SSD diskoek informazioa zuzenean ordenagailuan gordetzea ahalbidetzen duten, gaur egun beste biltegiratze modu batzuk ere badaude, adibidez; hodeia. Hodeiko zerbitzuei esker, fitxategiak internet bidez gorde eta konexioa duen edozein gailutatik eskuratu daitezke.

Biltegiratze mota hau nola funtzionatzen duen, zure fitxategiak online nola gorde edo Google Drive bezalako zerbitzuak nola erabili ikasi nahi baduzu, honako ikastaro hau gomendatzen dizugu:

Google Drive. Bildu eta partekatu zure artxiboak