Kaixo, KZguneko lagunok! Gaur, ostiral goizero bezala, Mirenekin, KZguneko nire ikaskidearekin kafe bat hartzeko geratu naiz. Orduan, hiru hilabete daramatzala mugikor berriarekin eta oraindik moldatzeko gai ez dela hasi zait kontatzen. Beldur da behar ez duen tokian jo eta nahi gabe deitu edo argazkiak ezabatzeaz.

Pixka bat lasaitu ahal izan dut, eta Big Pad izeneko aplikazio bat instala dezakegula azaldu diot. Nire senarrak horrela dauka eta zoratzen dago. Erotu egiten zen lehen, niri deitzeko.

  • Edizio arkatza sakatu behar da pantaila pertsonalizatzeko. Eta “App” aukeratik, erabiltzen dituzun aplikazioen ikonoak gehitu.
  • Horrela, gainerako botoiak ez dituzu agerian izango, eta ez dituzu hainbeste app erabiliko.
  • Etxeko kontaktuak hasierako pantailari gehitu ahal izango dizkiozu , eta horrela, ukitu bakar batekin deitu ahal izango diezu. Linternaren lasterbideak eta isilarazteko botoia ere gehitu ahal izango dituzu.
  • Eta bukatzeko, pantaila PIN batekin blokeatuta utzi eta ikonoak ez mugitzeko konfiguratu.

Aplikazioak ikonoak handitzeko aukera ere ematen dizu, betaurrekorik gabe ere ikus ditzazun.

Orain Miren, josketa taldeari argazkiak bidaltzeko eta semeari eta bilobari bakarrik deitzeko gai da, izan ere, teknologiak guri laguntzeko egon behar du, eta ez buruko mina emateko.

Mirenek dagoeneko mugikorrari beldurrik ez dio! Oraindik ez badakizu nola konfiguratu mugikorra modu errazean, hitzordua eska dezakezu KZgunean eta lagunduko dizute.

KZgunean zure zain gaude!