Gero eta aukera gehiago ditugu modu seguru batez asialdi eta denbora libreaz gozatzeko. Oraingoan, Eusko Jaurlaritzak herritarrei sorospen-zerbitzu pertsonalizatuagoa eskaintzeko sortutako app batez ari gara. App sos deiak 112,  IOs eta Android sistemetarako, euskaraz zein gaztelaniaz, eskuragarri dagoen aplikazioa da, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin (112 SOS Deiak) zuzenean harremanetan jartzeko balio du.

app sos deiak

SOS DEIAK 112 aplikazioak larrialdi-abisua emateko hainbat aukera eskaintzen ditu. Alde batetik,”Ahots-deia” botoiaren bidez, 112 zenbakira zuzenean deitzeko aukera ematen du. Bestetik, “Ahotsik gabeko oharra” izeneko beste atal bat badu. Bertan, mezu bat igortzen da eta 4 taldetan sailkatutako larrialdi-mota hautatu behar da: istripua, larrialdi medikoa, sua edo lapurreta-erasoa. Jarraian, SOS deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin txat baten bidez larrialdia zehazteko aukera dago, erreskate-lanen denbora laburtzen laguntzeko.

Horretarako, gomendagarria da datu medikoak eta pertsonalak eguneratuta edukitzea eta, horrela,  erreskate-lanak erraztu daitezke, laguntza pertsonalizatuago bat izanik. Gainera, oso erraza da osatzea. Eskuineko goiko menuan sakatu, atalak aukeratu eta zure datu pertsonalak dagokion lekuan bete besterik ez duzu egin behar. Horretaz gain, “Honi abisatu” aukera ere badu, harremanetarako pertsona baten telefono-zenbaki bat gehitzeko, eta, horrela, larrialdi egoeretan abisatu ahal izateko.

App-aren azken eguneraketetan, “Bide Segurua” eta “Alderantzizko 112” funtzionalitateak sartu dira. Alde batetik, “Bide Segurua”, adineko pertsonak, mendizaleak edo txirrindulari bakartiak bilatzeko denbora murriztera bideratua dago. Galdutako pertsona aurkitzen du telefonoaren GPS bilaketaren bidez, eta egindako ibilbidea erakusten du. Gainera, unean uneko intzidentziarekin lotutako autobabeserako aholkuak ematen ditu.

Bestalde, “Alderantzizko 112” funtzionalitateak aukera ematen du alertak edo arrisku-egoerak emateko, aplikazioa deskargatuta duten eta, gainera, geolokalizazioa aktibatuta duten pertsonei. Hau da, GPS posizioa aktiboa izanik, app-ak alertak bidaliko dizkizu fenomeno naturalekin, produktu toxikoekin edo ebakuazioak edo erreskateak prebenitu ditzaketen gainerako egoerekin lotutako larrialdiei buruz. Kontuan izan behar da SOS deiak 112 aplikazioak 30 minuturo eguneratzen duela erabiltzaileen azken posizioa; beraz, gomendagarria da aplikazioa eta datu mugikorrak aktiboak eguneratuta edukitzea.

Eta… Zer da GPSa? Gailuaren geolokalizazioa ahalbidetzen duen sistema da. Horrela, deia non dagoen eta larrialdia non gertatu den zehaztu daiteke.

Lokalizazio, entretenimendu eta osasun mugikor aplikazioak ezagutu nahi? Ez galdu “Zure egunerokotasuna hobetuko duten aplikazioak” kurtsoa, zeren zai zaude izen emateko?